osteguna, urria 27, 2016

Momotaro. Kamishibai istorio bat.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren 27. astea, aurtengo edizioan, Japoniako zinemaren inguruan jardungo da, unibertsala den iruditeria sortu duelako. Hori aitzakia hartuta, Judas Arrieta artista eta Harkaitz Cano idazlea Japoniako ahozko tradizioari urreratu zaizkio, eta Kamishibaia berrikusi eta egokituz, proiektu ederra gauzatu dute, gaurtik aurrera Tabakalerako Kutxa-Kultur Plaza erakusketa-gunean izango dena, abenduaren 11ra bitarte.

Kamishibai hitzak paperezko antzerkia esan nahi du; agertoki txiki baten antzeko zerbait dela esan genezake, eta bertan irudiak sartzen ditu istoriolariak. Irudien atzean istorioa du idatzirik, eta hala, laminak pasa ahala, istorioa kontatzen joango zaie entzuleei.

Momotaro melokotoi erraldoi batetik jaioko den haurraren istorioa da... Ezagutu nahi?

astelehena, urria 24, 2016

Liburutegien Nazioarteko eguna


1992an, Balkanetako Gerran, gaurko eguna bezalako batez Sarajevoko Liburutegia erre zuten. Bi milioitik gora liburu, haietariko asko eta asko zaharrak, balio handikoak, munduan bakarrak; kultura desberdin ugari, hizkuntza anitz...  Bertako langileak bakarrik ez, auzokideak ere gerturatu ziren, euren bizia arriskuan jarriz, liburuak salbatzera. Liburu gehienak, ordea, suak hartu zituen: %80a kiskali zen, baina besteak zaharberritze lan korapilatsuetan berreskuratu dira.

Bost urte beranduago, Sarajevoko liburutegi hura gogoratzearren, liburuak maite zituzten haien guztien omenez, Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzen dugu urriaren 24an.

asteazkena, urria 19, 2016

Euskal Herriko Booktrailer leihaketa

Oraindik garaiz zabiltza, 2016ko azaroaren 25erako helarazi behar baitzaizkio booktrailerrak epaimahaiari. Euskaraz argitaratutako edozein libururen booktrailerra aurkez dezakezu, bakarrik, binaka edota hirunaka. Lana euskaraz idatzia nahiz itzulia izan daiteke, serio nahiz barregarria, eroa edota klasikoa, zurea da aukera. Booktrailerra egin ordez, booktubea egitea nahiago baduzu, aurrera! Euskal Literatura maite eta sormenik baduzu, hauxe erronka.

Minutu erdi eta bi minutu arteko kontua filmatu, eta webgunean izena eman ondoren, bertara igo beharko duzu. Lan guztiak aditu talde batek aztertuko ditu, eta abenduaren 2tik 12ra bitartean, hiru finalisten arteko azken erabakia bozka bidez hartuko da.

astelehena, urria 17, 2016

Baronesa kutxa barruan...

Victorrek bere gelako gortina lodiak zabaldu zituen eta, argi izpi bat ikustean, harritu egin zen. Leiho aurrean nagiak ateratzen zituela, postaria, aspaldiko partez, umore oneko sentitu zen, ia lasai.
Egun gogorrak igaro zituen, zinez. Oso gogorrak, egia esan. 
Mathilde koitadua hala aurkitzea, beraren aurkako salaketa, polizia-etxeko galdeketa gaua, bere izena egunkarietako gertakarien orrietan ikustea... 

Bizitza kasualitatez josia dagoela diote batzuk, eta Victor eta bere lagunek ere hori pentsatu dute, ziurrenik, Voltaire kaleko abentura berri hau argitu dutenean. Gauzak, askotan, ez dira diruditena, eta zantzu guztiek norabide okerretik eraman gaitzakete, azalpenetan sinpleena sinpleegi iruditzen zaigulako. Lagunduko al diguzu kasu berria argitzen? 

asteazkena, urria 12, 2016

Azken urtea Lizeoan


RAF Institutuan azken urtea errepikatzen ari da. Aurreko ikasturtean ama galdu zuen, eta kurtsoa oso maldan gora egin zitzaion.
Aurten, zaharragoa izateak nolabaiteko lasaitasuna ematen dio, eta ikastetxeko mafiari aurre egiten ere ausartuko da. Iskanbila handirik gabe, asmatuko du bakoitza bere lekuan nola jarri.

Baina, dena den, Leroux Lizeoko arazo bakarra ez da Hiruren Banda... Ikastetxean, gau batez, argiak piztuta ikusiko dituenean, zer gertatzen ari den jakin nahi, eta azkenean, ia detektibe lanetan jardungo da bere lagunekin batean. Amodio bitxiak, hildako irakasleren bat, desagertutakoak...
RAFekin batera, arazo ilun horiek argitzen saiatu nahi? Amaierak ezustean harrapatuko zaitu, ziur!