2018(e)ko azaroaren 23(a), ostirala

Ipuin-entzulea

Itziar Mantxola idazleak bere irakurleekin solasaldi atsegina izan berri du. Gustora irten da baina, gau beltzean, etxerako bidean, kamioi batek errepidea moztu duela jabetu da. Gidariari laguntzarik behar ote duen galdetzeko unean, atzetik, auto batek berea jo zuen; korpe bortitza, lepoa hausteko modukoa. Kotxetik irteten lagundu zuen kamioi gidariak, eta, ezertarako astirik eman gabe, zapi busti bat jarri zion ahoraren eta sudurraren gainean.

Hurrengo egunean, eguerdi aldera, Itziar logela handi eta dotore bateko ohe eroso batean esnatu zen, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan bere eleberriak ipuin luzeak iruditzen zitzaizkiola esan zion gizonaren etxean. Ferminek desira bakarra du: Itziarrek munduko ipuinik onena kontatzea.

Sherezade ezagutzen? Itziarrek Mila eta bat gau ez, baina hamaika istorio asmatuko dizkio Fermini, Poe beltzaren bidean, bizi duen bahiketa islatuko duten ipuinak, gordinak, bortitzak, ankerrak..

2017(e)ko urriaren 19(a), osteguna

Kulero salatzaileak

Gau zoro baten ostean, Rafa amak ate-joka esnatu du. Ikaratuta, eta urduri, ea bart zertan aritu den galdetzen dio, Monikak, gelako neskarik ederrenak, bere aurka sexu-abusu salaketa jarri berri duela azaltzen dion bitartean.

Sexu-abusua? Berak pikutara bidali zuen. Ez zen ezer gertatu... 
Mozkor-mozkor eginda zegoela eginda zegoela egia da, baina Monikarekin zer gertatu zen badaki. Badaki?  Akasoo ez... 
Ezin gauean gertatu zirenak behar bezala gogoratu. 

Gauzak argitzen lagundu nahi dio amak Rafari... Eta hizketan ari direla, logelako lurrean kulero arrosa batzuk topatu ditu. Zer egiten dute neska baten kuleroek bere logelan? Rafak ez du horretarako erantzunik. Ezin gogoratu. Horra, kulero salatzaileak.

Anek Rafa maite du. Aspalditik ezagutzen du, eta berak ezagutzen duen Rafa hori ez da zurrumurruek zabaltzen duten bezalakoa. Rafa ez da salaketak dioena egiteko gauza. Nola lagundu? 

Istorioa bitan banatzen da: Rafaren bizipenak batetik, eta Aneren egunerokoa bestetik. Ikuspegi desberdinek argituko dute, akaso, Rafaren mozkorrak utzitako itzala.

2017(e)ko urriaren 11(a), asteazkena

Garmendia eta zaldun beltza




Atzetik inor ez zuela jabetu zenean, Garmendiak mantsotu egin zuen zaldiaren abiada eta lasai ekin zion mendian gorako bideari. Hiru egunez izan zituen atzetik Harry Garbiren morroiak. Arima ahoan zuela ekin zion ihesari Wilde Roseko senar-emaztearen hilketa berari egotzi ziotenean, eta zalantza gabe ezkutalekurik hoberena aukeratu zuen: basamortu ondoko mendiak.

Gilda zuen bidelagun, eta lo hartu zuen batean, uste baino errazago topatu zuen Amalio zaharrak ere garai batean artzain ibilitako cowboya. Biek batera egingo duten bidaiaren berri kontatzen digu istorio honek, eta Oesteko filmeetan gertatzen den bezala, sherifa, bere lagunak, Sirena Salooneko neska ederrak, bide lapurrak eta burdinezko bihotza taupaka duen trena topatuko dituzu bertan. Wanted!

2017(e)ko irailaren 27(a), asteazkena

Oriol Arlote, erreskate operazioa


Ikerketa lan bat ongi burutzea zail da, oso zaila, detektibe taldea Oriolekin batean Lis neskato txinatarra, koadrodun etxeko zapatilak arrastaka dabilela karakolak baino motelago mugitzen den Anselm aitona eta artilezko jantzi berdea soinean duen Monsieur txiuaua txakurra batera badabiltza.
Zail da halako lagun taldea ezustean ibultzea, ez?

Bada, Anselmen oso lagun den markesa desagertu delako ibiliko dira detektibe lanetan, plan perfektua prestatu, eta haren bila joateko. Bidaia uste baino aldrebesagoa izango delako pasako duzu primeran, ziur!

Arlote metodoak, oraingo honetan, heroi izateko nola jokatu behar duzun argituko dizu... edo ez... baina, dena argitu bitartean, barre egingo duzu. Zenbat apustu?

2017(e)ko irailaren 21(a), osteguna

Nire aita ikusezina da



Eleneren bizitzara Xabat iritsi berria da. Eta Xabat iristeaz batera, aita desagertu dela dirudi. Ez da inora joan, baina ezin ulertu zergatik ikusezin bilakatu da.

Elenek hamaika urte ditu, biolina jotzen duen nobio makarra bat, eta baita patioan egin berri duen lagun bat ere, Oier. Berarekin saiatuko da aita ikusezina ote den argitzen, eta inspirazioa beldurrezko filmeetan topatuko dute.

Barre pixka bat egin nahi baduzu, ezin istorio hau irakurri gabe utzi. Drakula eta Frankenstein.... eta Momia, eta Gizon ikusezina, uste baino dibertigarriagoak izan daitezke.

2017(e)ko irailaren 18(a), astelehena

Nur eta dortoken uhartea

Nurri gustatuko litzaioke arraien hizkuntza jakitea, zeren seguru baitago arrainek badutela hizkuntza bat elkarrekin hitz egiteko. Arrain aurpegia jartzen du, esan nahi baita, masailak barrurantz sartzen ditu eta ezpainak, txiki-txikiak geratu baitzaizkio, mugitzen ditu.
- Kaixo -esaten du.
Eta tximeleta-arrainak tximistak bezala ihes egiten du, harri baten azpian gordetzera!
- Izutu egin duzu! -esaten dio barrez Hidek.
- Ez, bai zera -erantzuten dio Nurrek-. Ez dit ulertu. Frantsesa-edo izango da tximeleta-arrain hori!

Benetan ederrak dira akuario erraldoietan ikus daitezkeen arrainak, ikusgarriak... Baina Nurrek Kaliko du bakarrik buruan, dortoka erraldoi bat; dortoken ospitalean bere arreta bereganatu duen dortoka zaharra. Aizue! Eta dortoken uhartean ezin falta piratak! Bizarbeltz bera ere agertuko zaie ezustean...