asteartea, urtarrila 01, 2019

Txano eta Oscar anaien abertura - Harri berdea


Harri berdea aipatzean, Kriptonita datorkigu gogora. Eta horrekin batean, Superheroiak. Txano eta Oscar anaiek ere horretan pentsatu dute... baina ezin jakin Superheroi bilakatuko diren ala ez. 

Uda hasi berritan, eguraldiak lehen opor egunak zapuztu ditu. Eta horregatik, biziki eskertu dute etxekoen proposamena: Aspaldiko partez kanpin denda hartu, eta Hartzen aintzirara joan dira.

Gurasoek atseden hartu bitartean, Sara-Li irakurtzen gelditu da, eta Txano eta Oscar bikiak abentura bila abiatu dira. Eta baita topatu ere!
Suzko bola erraldoi batek zerua zeharkatu zuen bapatean, eta basoan erori zen. Bi aukera zituzten: badaezpada, gurasoengana itzuli, edota non erori zen kuxkuxeatzera gerturatu. 

Bigarrena hautatu zuten, noski, eta topatu zutenak bizitza aldatuko zien.
Bai ba! Zerutik eroritako suzko bola erraldoiak badu Harri berde horrekin zerikusirik. 

Maitasun sua


Istorioek Historian murgiltzeko aukera ematen digutela hamaika aldiz entzungo zenuen; Ekainek ere bai...

Historia irakasle da Txantxo Garesko Murugarren ikastetxean, eta Ekainek ez du bere gaia gainditu. Horregatik, oporrak aurretik bere herriaren Historiarekin zerikusirik izan dezakeen gairen bat hautatu eta bost orrialdeko idazlana egin behar du. Oporretako lehen egunak lanean eman beharko ditu, kaka!

Interneteko lanen bat kopiatuz gero irakaslea berehala ohartuko delakoan, ikerketaren bat egiteko herriko udaletxera jo du, artxibo zaharretara. Istripu batek Erdi Aroko Nafarroara eramango du, eta baita Historiarekiko grina piztuko ere. 

Erronka bat nah? Mapa batean, kokatuko al zenituzke aipatzen diren herri guztiak? Santio bideko paraje ederrak topatuko dituzu.

Futboleroak - Belatz-begiaren misterioa


Futboleroen 4. abentura dugu hau, Soto Altoko mutilak Eskolarteko Ligako txapelketan inoiz baino okerrago zebiltzanekoa. Bederatzi partida jokatu, eta bederatzitan porrota. Egoerari buelta emateko modu desberdinak saiatuta ere, zail xamar. Eta halako batean, herrian Gabonetako Txapelketa bat antolatu zutela iragarri zuten ikastetxeko zuzendariak eta Eskolarteko Ligako presidenteak. Futbolean jokatzeko arau berriak frogatzeko ligaxka aproposa.

Taldeak, eredu gisa zituzten jokalariek osatuak... Irabaziz gero, profesionalek egin ohi duten moduan, prima ere jasoko zuten... Eta kontzentrazioa eta talde izaera inoiz baino garrantzitsuago direnean, kalean agertutako pintadek dena hankaz gora jarriko dute.