Misterioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Misterioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ostirala, azaroa 23, 2018

Ipuin-entzulea

Itziar Mantxola idazleak bere irakurleekin solasaldi atsegina izan berri du. Gustora irten da baina, gau beltzean, etxerako bidean, kamioi batek errepidea moztu duela jabetu da. Gidariari laguntzarik behar ote duen galdetzeko unean, atzetik, auto batek berea jo zuen; korpe bortitza, lepoa hausteko modukoa. Kotxetik irteten lagundu zuen kamioi gidariak, eta, ezertarako astirik eman gabe, zapi busti bat jarri zion ahoraren eta sudurraren gainean.

Hurrengo egunean, eguerdi aldera, Itziar logela handi eta dotore bateko ohe eroso batean esnatu zen, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan bere eleberriak ipuin luzeak iruditzen zitzaizkiola esan zion gizonaren etxean. Ferminek desira bakarra du: Itziarrek munduko ipuinik onena kontatzea.

Sherezade ezagutzen? Itziarrek Mila eta bat gau ez, baina hamaika istorio asmatuko dizkio Fermini, Poe beltzaren bidean, bizi duen bahiketa islatuko duten ipuinak, gordinak, bortitzak, ankerrak..

osteguna, urria 19, 2017

Kulero salatzaileak

Gau zoro baten ostean, Rafa amak ate-joka esnatu du. Ikaratuta, eta urduri, ea bart zertan aritu den galdetzen dio, Monikak, gelako neskarik ederrenak, bere aurka sexu-abusu salaketa jarri berri duela azaltzen dion bitartean.

Sexu-abusua? Berak pikutara bidali zuen. Ez zen ezer gertatu... 
Mozkor-mozkor eginda zegoela eginda zegoela egia da, baina Monikarekin zer gertatu zen badaki. Badaki?  Akaso ez... 
Ezin gauean gertatu zirenak behar bezala gogoratu. 

Gauzak argitzen lagundu nahi dio amak Rafari... Eta hizketan ari direla, logelako lurrean kulero arrosa batzuk topatu ditu. Zer egiten dute neska baten kuleroek bere logelan? Rafak ez du horretarako erantzunik. Ezin gogoratu. Horra, kulero salatzaileak.

Anek Rafa maite du. Aspalditik ezagutzen du, eta berak ezagutzen duen Rafa hori ez da zurrumurruek zabaltzen duten bezalakoa. Rafa ez da salaketak dioena egiteko gauza. Nola lagundu? 

Istorioa bitan banatzen da: Rafaren bizipenak batetik, eta Aneren egunerokoa bestetik. Ikuspegi desberdinek argituko dute, akaso, Rafaren mozkorrak utzitako itzala.

asteazkena, iraila 27, 2017

Oriol Arlote, erreskate operazioa


Ikerketa lan bat ongi burutzea zail da, oso zaila, detektibe taldea Oriolekin batean Lis neskato txinatarra, koadrodun etxeko zapatilak arrastaka dabilela karakolak baino motelago mugitzen den Anselm aitona eta artilezko jantzi berdea soinean duen Monsieur txiuaua txakurra batera badabiltza.
Zail da halako lagun taldea ezustean ibultzea, ez?

Bada, Anselmen oso lagun den markesa desagertu delako ibiliko dira detektibe lanetan, plan perfektua prestatu, eta haren bila joateko. Bidaia uste baino aldrebesagoa izango delako pasako duzu primeran, ziur!

Arlote metodoak, oraingo honetan, heroi izateko nola jokatu behar duzun argituko dizu... edo ez... baina, dena argitu bitartean, barre egingo duzu. Zenbat apustu?

ostirala, iraila 15, 2017

Nur eta banpiroen dantza



Handitan zer izan nahi duen pentsatzen ari da Nur, eta artista izatea dibertigarria izan daitekeela uste du, besteen azalean sartu eta haien pasadizuak antzeztea.
Bapatean bururatu zaio lagunekin filme motz bat asmatu eta grabatzea, eta Olympia eta Ireneren aitonari esker, grabaketa estudio bat bisitatzeko aukera ere izango dute.
Estudioa ilun dago, psp ilun, armiarma sare eta gauza beldurgarriz betea. Banpiro istorio bat grabatzen ari dira bertan. Baina Nurrek badu kezka bat... Grabaketa estudioetako jendetza ez da inon ageri, eta horrek susmo txarra ematen dio.

Ezagutzen duzu Nur dagoeneko; Lukretia Transilvaniakoa eta Vlad kondea ezagutzen?

osteguna, azaroa 24, 2016

Argixorgin


Illarek hitz egiteko arazoak ditu, tira, batzutan egoki ahoskatzeko zailtasunak izaten ditu... eta horregatik etorri da Agate etxera, logopedia saio batzuk eginaz bera laguntzera. Baina Illareri ez sail Agate gehiegi gustatu, susmo txarra hartu dio... eta ezin esan zergatik, baina Roald Dahlen Sorginekin gogoratu da.

Argixorgin... ikaskide malapartatu batzuen ankerkeriak helarazi du etxera. Illareren lepotik barre egiteko, saguxahar bat hegoetatik hiltzatu eta ahoan zigarrokina duela utzi dute. Gaixoa lehertu egin da, eta haren kumea jaso du Illarek. Horixe izango da istorio honetako protagonista txikia.
Sorginak eta saguxaharrak.... zer gehiago behar beldur istorio bat antolatzeko?

astelehena, urria 17, 2016

Baronesa kutxa barruan...

Victorrek bere gelako gortina lodiak zabaldu zituen eta, argi izpi bat ikustean, harritu egin zen. Leiho aurrean nagiak ateratzen zituela, postaria, aspaldiko partez, umore oneko sentitu zen, ia lasai.
Egun gogorrak igaro zituen, zinez. Oso gogorrak, egia esan. 
Mathilde koitadua hala aurkitzea, beraren aurkako salaketa, polizia-etxeko galdeketa gaua, bere izena egunkarietako gertakarien orrietan ikustea... 

Bizitza kasualitatez josia dagoela diote batzuk, eta Victor eta bere lagunek ere hori pentsatu dute, ziurrenik, Voltaire kaleko abentura berri hau argitu dutenean. Gauzak, askotan, ez dira diruditena, eta zantzu guztiek norabide okerretik eraman gaitzakete, azalpenetan sinpleena sinpleegi iruditzen zaigulako. Lagunduko al diguzu kasu berria argitzen? 

asteazkena, urria 12, 2016

Azken urtea Lizeoan


RAF Institutuan azken urtea errepikatzen ari da. Aurreko ikasturtean ama galdu zuen, eta kurtsoa oso maldan gora egin zitzaion.
Aurten, zaharragoa izateak nolabaiteko lasaitasuna ematen dio, eta ikastetxeko mafiari aurre egiten ere ausartuko da. Iskanbila handirik gabe, asmatuko du bakoitza bere lekuan nola jarri.

Baina, dena den, Leroux Lizeoko arazo bakarra ez da Hiruren Banda... Ikastetxean, gau batez, argiak piztuta ikusiko dituenean, zer gertatzen ari den jakin nahi, eta azkenean, ia detektibe lanetan jardungo da bere lagunekin batean. Amodio bitxiak, hildako irakasleren bat, desagertutakoak...
RAFekin batera, arazo ilun horiek argitzen saiatu nahi? Amaierak ezustean harrapatuko zaitu, ziur!

igandea, iraila 11, 2016

Blog


Badakit. Badaude munduan izugarrikeriak pairatzen dituzten mutikoak, eta haien sufrimenduarekin alderatuz, nire matxinadak hutsala dirudi. Are gehiago, ergela. Izan ere, ez nau jo. Ez nau bortxatu. Ez nau nire lagunen aurrean lotsarazi.Ez da saiatu nire neskalagunarekin ligatzen. Mometuz ez daukat neskalagunik, horrek arazoa konpontzen du. Ez du ama engainatu, ez dio etxeari su eman. Horrelakorik ez, baina bai horrelako zerbait, dena dela, ez badirudi ere. Batez ere bortxaketarena. Bortxaketa birtuala izan baita.
Nire bloga irakurri du.

Eta heldutasun adinera heldu artean, ez diola hitzerdirik esango erabaki duenez, etxeko giroa erabat desatsegin bilakatu da, nahiz eta aitak ezer ulertzen ez duen. Blog bat, ez al da sarean dabilen edonork ikusteko modukoa? Zergatik, orduan, halako iskanbila?

Baina komunikazio eten horrek luze jotzen duelako, aitak barkamena eskatzeko modu bitxia topatuko du: semearen logelako atean hiru kolpe diskretu... atea zabaltzean, ordea, aita ez dago bertan. Sekretu bat, hori da ate aurrean topatu duena,

Istorio bitxia, guraso eta seme-alaba nerabeen arteko harremanez eta baita komunikazioaz gogoeta egitera gonbidatzen gaituena. Benetan, mundiala.

astelehena, ekaina 06, 2016

A zer gaupasa!


Uda giroa. Oporrak hastear, eta sekulako emozioa. Hilabeteak eman dituzte irteera hau prestatzen, seikotearen lehen gaupasa. Ongi irabazia, noski, emaitza txarrak jasoz gero ez baitzuten aukerarik izango. Kontuak kontu, hura zen eguna argitzen ikusiko zuten lehen aldia, erlojuaren menpe egon gabe, lagunartean; lau egun kanpin dendetan, rock kontzertu eta guzti.

Baina, mutil ilekizkur bat pasa da Leireren bihotzaren paretik, eta auskalo zergatik, emozio ugari zituen ibilaldiari gatza eta piperra erantsi nahi izan dizkio berak, Josuren kezka eta amorrua pizteaz batera. Planik ederrenak txorakeria batengatik zeinen erraz honda daitezkeen jakin nahi? Irakurri artean, ezin imaginatuko dituzu gau hartan sentitutako emozioak.

Pasarte guztietan, zein da gehien harrapatu zaituena?
Istorioa filme bilakatzeko modukoa dela esango al zenuke?

ostirala, maiatza 27, 2016

Zortzi ipuin gotiko

Muinoko etxean hilotz batek Faustoren kontzientziaren lekua hartuko du… Tik-tak, tik-tak, tik-tak… Trenbide baten ondoan ia eroria den etxeko erloju dotorea bihotzen taupaden erritmoan… Halloween batez, amorante biren gau hotza, betirakoa… Sorgin etxean, gau elurtuan, bele beltz bi, arima galduen bila. Deabruaren ibarra, bi begi handiren argitan. Ilargi betea, eta eroetxe batetik askatasunaren pasealekurako ibilbide luze eta neketsua… Zomorroak, zomorro asko… eta ametsetatik esnatzean zomorro gehiago… Eta piano baten doinuan, maitasun istorio bitxi bat…

Zortzi ipuin gotiko, eta irakurtzen duzuna irudikatuz gero, hotzikara ziurrak… 
Zein da gehien asaldatu zaituen istorioa?

osteguna, maiatza 26, 2016

Iratiko sorgin basatia


Ikasle talde bat egun batzutarako iritsi da Iratiko basora. IƱaki eta Xanti bikiek, gainera, anaia gazteagoa haiekin joateko baimena eskuratu dute. Anaia ahulagoa da itxuraz, eta pixkanaka bere bidea egiten ikasi nahi duen aitzakiaz joan da bera ere bidaian. 

Taldeak antolatu dituzte eta, lehen egunean, oso gauza arraroak ikusi dituzte mendian: arraroak eta baita beldurgarriak ere. Animalia baten hilotza lehenik, emakume batena biharamunean. Jakinminez, uste baino arazo konplikatuagoen erdian izango dira, eta Iratiko oihanean gertatzen dena argitzeko haien beldur eta izuei aurre egin beharko diete.

Sorginetan sinesten al duzu?
Zein da piztia guztietan beldurgarriena?

astelehena, maiatza 23, 2016

Eman amore


Jon Zetak Underground diskotekan No future taldeak emango duen kontzertura joateko plana egin du bere lagun onenarekin, bertan Haizea topatzeko esperantzaz. Gurasoek zigortu dute ordea, eta etsitzeko batere asmorik gabe, leihotik kalera egingo du salto. Gaua ustekabez josia joango zaie bi lagunei, eta kapitulu bakoitzaren sarrera kanta baten hitzek aurkezten dizutenez, horiek deszifratuz istorioaren nondik-norakoak irudikatzeko moduan izango zara.

Zein dira, zure ustez, Underground munduan topa ditzakezun piztiarik beldurgarrienak? 
Jon Zetak ere ez du erantzuna oso garbi… 

… Orduan, aurrean nituen hitz haietxek berrirakurtzean, Haizearen ordez zergatik etortzen zitzaidan Koreren irudia gogora? Pertsona batekin sentitu uste nuena beste batengan aurkitzea posible al zen? Zer gertatu zen Korerekin minutu gutxi batzuetan, Haizearekin urte luzeetan gertatu ez zena?

igandea, maiatza 22, 2016

Llumen harremana ez da uste bezain polita, eta amets batean bizi nahiko lukeela pentsatzen du azkenaldian. Betiko lagunek ere ulertzen ez dutela iritzita, gogaituta, txat batean sartu da, atari berriak zabaltzeko asmoz. Errealitate berria sortuko du bertan, Matrixen eran. Llum Triniti izango da, eta Morfeo bere lagun berria. Eta fikzioak errealitatea nahastuko du, eta akaso ere gailenduko zaio, eta Jokoan egoeraren kontrola galduko dutenean, istorioa nola amaituko den ezin jakin. Lagunarteko harremanak, sendoak izanik ere, beti ez dira nahi bezain erraz eta eramangarriak izaten.

Eleberriak idazteko beste modu bat topatuko duzu jokoan, txatean jardungo bazina bezala, elkarrizketen lekuko…
Eta misterioak bere amaraunean harrapatuko zaitu, ziur.

igandea, maiatza 15, 2016

Ilusionista

Denbora zen bere buruari lotan egiten zituen ibilaldi haietaz galdetzen ziola. Ez zen ezertaz oroitzen, baina lokartu zen lekuetan ez, baizik eta beste batzuetan agertzen zen. Ordu arte gauza bitxia izan zen, benetan ez beldurtzeko modukoa. Teilatuan esnatzeak, hala ere, hotzikara handia sorrarazi zion. Are larriagoa izan zen handik ordu batzutara, nekeak jota lo hartu eta berriz esnatu zenean: eskuin eskua bero zuen, oso bero, eta argia ateratzen zitzaion globo argiztatu bat baleuka bezala; eskuan ez zeukan ezer, baina eskua guztiz piztuta zegoen.
14 urteko Nashak arnasari eutsi zion, ozta-ozta. Beldurra baino gehiago, gertatzen ari zitzaiona ulertzeko kitzikapena zuen. Inoiz ez bezala, mutiko ahula indartsu sentitzen zen, baina dena zen ulergaitz, eta, halako batean, Doban izeneko izaki batek, argi pixka bat eman zion, Ezlekuan… Bertan Izarrak gizakien ametsak direla eta zeruko ibai zabalean flotatzen dutela azaldu nahi izan zion… Eta gizakiok dagoeneko ez dugula amets egiten, amets egiten desikasi dugula, eta Orbana horregatik zabaltzen dela azkar asko, eguneroko gauza txikietan harrapaturik bizi garelako. Ilunei aurre egiten saiatzen da Erresistentzia, eta Nashak paper garrantzitsua du haiekin batean.
Ez saiatu dena kolpetik ulertzen… 
  Jakintza tantaz tanta osatzen den aintzira baita. 

asteazkena, maiatza 11, 2016

Voltaire kaleko abenturak - Pozoia kopan

Petit Canardeko crepe gozoak jaten ari direla, gizon batek Annette eta Faboren interesa bereganatu du, kapela xapala, gabardina handia, eta iskanbila batean erosi berri dituen saltxitxei garestiegi iritzi dielako. Halako batean, auto bat etorri zaio gainera, eta istripua doi-doi saihestu du gizonak. Korrika joan zaizkio laguntza eskaintzera, eta hark madarikazio kontuak direla errepikatuz aldegin du.

Annettek argi ikusi du kasua: homizidio ahalegina eta Deloffre jaun misteriotsua ikusita, King Ellerton ikertzaile petoak ikerketa arduratsuari ekingo zion. Telesail bateko protagonista zen King Ellerton, baita kasuz eta abenturaz betetako liburu eta irrati kontakizunetako protagonista, eta duela urtebete Gaillard neba-arreben idolo bihurtua zen. Aita Pariseko Polizia etxean komisario izanik, ikerketen kontu horrek txora-txora eginda dauzka.

Afalorduan, aita neka-neka iritsi da, eta Deloffre izena entzun duenean, egun osoa izen horrekin bueltaka eman duela esan du… Pozoiaz egindako hilketa bikoitz baten susmagarria omen da. Annette eta Fabok ez dute ezer esan, baina lanean jarri behar dutela erabaki dute. Ez dira, ordea, bakarrik egongo.
               
Paris, Voltaire kalea 11. zenb. Oraingoz izenik gabeko kluba.
1. protokoloa: "Sagardo botila pozoituaren kasua".

Haiekin batera kasua argitzen saiatu nahi? Uste baino misterio gehiago argitu beharko dituzu orri hauetan barrena murgiltzen bazara, baina ez zaizu damutuko!

astelehena, maiatza 09, 2016

Maite-Maite ile-apaindegia


Praktiketako azken eguna bere karrerako lehenengoa balitz bezala bizi zuen. Irrika bizian zegoen ile-apaindegiko saltsa-maltsak berriro bizitzeko: Priscilleren kasketaldiak, Clararen dramak, Luckyren eztenkadak, laka eta xanpuen usainak, ate gaineko kanpaiaren dangak, diru-kutxako txintxinak, ispiluetan gurutzatzen ziren begiradak eta bezeroek beren burua itxuraldatuta ikustean eskaintzen zizkieten irribarreak.

14 urte dituztela, eskolan astebeteko praktikak egin behar dituztela esan diete, eta amonak Maite-Maite ile-apaindegian galdetu du ea Louisek bertan burutu ote ditzaken. Uste baino hobeto sentituko da bertan Louis, aitarentzat sekulako disgustua izango bada ere…
Buruhauste ugari, gehiegi… Baina ametsei tinko eutsi behar zaie, bigarren aukeretan sinesteko adorerik baduzu behintzat.

osteguna, apirila 28, 2016

Vampiria

Mikelek orduan begiak itxi zituen. Eta, besterik gabe, desagertu egin zen. Ospitaleko edonor orduantxe edozergatik ganbarara joan balitz eta, argia piztuta, ohea zegoen aldera begiratu balu, ez zuen haren gainean inor ikusiko, nahiz eta Mikel benetan egon hantxe etzanda, lo-edo.
Eta hiru solairu beherago, bi lagunentzako logela txiki batean, Selene ohean dardarka zegoen, begirik bildu ezinik hotzaren hotzez.

Mendabaldeko Europan,
Nonbaiteko Ospitale Psikiatrikoan idazten du Selenek bere egunerokoa, gertatzen zaizkionak ahaztu baino lehen, edo erabat erotu baino lehen... edo akaso gertatzen zaizkionak ulertzeko modu bakar gisa. Bere bakardadean, egunak eta gauak nahasiko zaizkio, eta Mikelen irribarre goxoak espero ez dituzun gogo eta desirak esnatuko dizkio...

ostirala, apirila 01, 2016

Labirintoko borroka

Percy Jackson eta Carter Kane antzeko direla esan genezake, jainko eta mitoen artean haiek ere heroi klasiko bilakatzen ari zaizkigulako azken urteotan, biak Rick Riordanen eskutik. Aintzinako kultura desberdinetako mito eta istorioak oinarri, irudimenez eta surrealismoz beteriko kontakizunak moldatzeko abilezia erakutsi digu idazle honek, eta saga desberdinak moldatu. Percy Jackson eta Olinpiarren istorioetan laugarrena dugu hau. Hamabost urteko mutil batek nahitaez ditu neskekin gorabeherak, eta kasu honetan, baita jainkoekin ere… Bi mundu oso desberdin, umorez jantziak, konturatzerako istorioari pega-pega egingo zaituztenak.

Labirintoan barrena bidaia, igarkizunak eta frogak, eta jainko eta jainkosen kapritxoekin batera, haiengandik espero genituenak ez dira sekula historiak irakatsi digun bezalakoak izango. 

Barre egingo duzu, disfrutatuko duzu, eta oharkabean, kulturaren pasarte diren kontakizun ugari zeureganatuko dituzu, Minos, Hera, Esfingea, Zeus, Poseidon, Kronos eta beste hainbat jainko ez baitira zuk ezagutzen dituzun bezain aspergarriak.

asteazkena, martxoa 30, 2016

Abbadiaren sekretua

Abbadiaren sekretua Fernando Morillok idatzitako beste eleberri bat dugu… Abentura eta misterioa gogoko badituzu, dagoeneko zure agendan gogokoenen artean behar luke idazle honek.
Istorioaren lehen orriak hemen

Gauzak nola diren, eleberriaren proiektua sariketa batera aurkeztu zuen, eta sari gisa, Hendaiako Nekatoenean egonaldi bat egiteko aukera izan zuen, eleberria osatzeko astia alegia. Bitxikeria gehiago jakiteko, hemen.

Eta bertatik gertu, oso gertu, Anton Abadia izan zenaren gaztelua dago, Hendaiako itsaslabarraren gainean, Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan. 1860 urte aldera eraiki arazi zuen, eta Europa osoko astronomi behatoki bakarra antolatu zuen bertan, apala, baina garai hartarako ikaragarria. Horretaz gain, hamalau hizkuntza gutxienez ezagutzen zituela badakigu, eta euskalzale amorratua izanik, Lore Jokoekin lotzea ezinbestekoa da.

Horixe da Alar eta Kaietek aiton-amonen etxera joandakoan topatu duten eskenatokia. Amonak aspalditik egina du gaztelua zaintzeko zina, eta bertatik itzultzen ez dela ikusita, bila joan zaizkionean, jendarmeekin egin dute topo. Gauza arraro gehiegi, eta tartean, Fatima eta Publio, aintzinako ezagunak, maitasun kontuak tarteko, harreman arraro xamarrak dituztenak. Abentura nola garatzen den, eta misterioa argitzen ote den jakiteko, Abbadiaren sekretua zerorrek deskubritzea onena. 

Zer da gehien harritu zaituena?

astelehena, martxoa 28, 2016

Infernuko arrosak

Lurralde ezkutuko detektibeen bigarren lana dugu hau, Fernando Morillok San Mameseko zonbia aurkeztu zigun talde berarena. Oraingoan, Donostiako deabru baten aurka aritu beharko dute zonbiak eta bere lagunek, emakume dotore batek babesa behar duela esan baitie. Babesa, bai, deabru-eme batek gauero larrosa beltz bat uzten baitio gau-mahaian… Zenbaitetan ispiluen atzetik begiratzuen duen emakume-deabrua.

Poliziarekin hitz egiten saiatua zen, baina barre egin, eta psikiatrarenera joateko aholkatu zioten; hark ere gauza bera pentsatu omen zuen, baina bisitak ederki kobratu zizkion… Zuen duintasun apurraz gerturatu zen Ezezagunaren Ikerketa Agentziara… eta froga gisa, hiur larrosa beltz utzi zizkien. Emakumeak bulegotik aldegin orduko, garbi zuten… Infernuko larrosak ziren haiek, eta gaia, beraz, arriskutsuegia. Baina fakturei aurre egin behar eta…

Tira, bihotz ugari nahaspilatuko dira istorio honetan, baina ezin gehiago kontatu… Irakurtzen baduzue, barre pixka bat egingo duzue, ziur izan!
Gozatzen hasteko, hemen dituzue istorioaren lehen orrialdeak...
Kontatuko al diguzu zein den zure pasarterik gogokoena?