ostirala, ekaina 24, 2016

Kaliforniako neskak


Opor usaina du izenburuak.
Gu ere halaxe gabiltza, oporrak bueltan ditugu eta...
Anuxka, Ainhoa eta Risky San Frantziskora joan dira inglesa ikastera, eta han, hizkuntza ezezik, beste gauza mordoa ezagutuko dituzte. Izan ere, kulturalki erabat desberdinak gara euskaldunak eta ipar amerikarrak, eta desberdintasun horiek antzeman artean, haien mundu ikuskerak aldaketa ugari izango dituela ohartuko dira. Errealitate desberdinek begiak irekitzen dizkigute, aberasten, duguna beste era batean baloratzen irakasten digute oharkabean, eta horixe da, inglesa ikastearen aitzakiaz, Iturraldek liburu honetan proposatu nahi diguna.

Zuek ere, uda, mundu desberdinak ezagutzeko aprobetxa ezazue... 
Bidaia txartelarik merkeenak liburuetan topatuko dituzuela gogoratu!

asteartea, ekaina 14, 2016

Ardi beltza


Liburuaren azalak pista txiki bat ematen du, baina oso txikia... Akaso hitz hauek irakurri ostean zertxo bat argiagoa.

Hermogenesek badu amets bat, baina etxekoei ez zaie batere gustatu. Guraso biak izen handiko mediku dira, anaiak ere bai, baina berak ez du tradizio horren parte ikusten bere burua: berak arkeologo izan nahi du.

Guztiak kontra jarriko zaizkio, noski, eta ikasketarik ez diotela ordainduko badakielako, dirua bere kasa topatu beharko du Hermogenesek, erdi ezkutuan baina... Gizarteak ezartzen dizkigun rolei aurre egitea ez da lan xamurra, baina norberaren ametsei segika jarduteak izerdia merezi du, ala ez?

osteguna, ekaina 09, 2016

Egun bat Petre Romanescuren bizitzan


AndereƱo Itsasok eguneroko bizitza kontatuz idazlan bat egiteko agindu du, baina Petrek ez ditu idazlanak gogoko, aditz guztiak eta hatxe guztiak ondo jartzea rollo bat delako. Idazle ez, baina egunen batean zinemagile izan nahi du berak. Horregatik tematu zen hainbeste bideo-kamerarekin. Kostata, baina bere azken urtebetetzean oparitu zioten, eta horixe baliatuko du bere idazlana baino gehiago, dokumental bat burutzeko. Egun pasa joan behar du familiak, eta bideo-kamera lagun, gauza mordoaren berri izango dugu, kamerak guztiaren lekuko isil izan daitezkeelako.

Bueno, uste dut gehiegi ari naizela luzatzen, hitz eta pitz, eta pelikula batek batez ere irudiak behar ditu. Beraz, aurrera.

Hortik aurrera, espero ez duzun modu originalean kontatuko digu Petre Romanescuk bere bizitzako egun bat. 

asteazkena, ekaina 08, 2016

Superheroia naiz, eta orain zer?


Istorio bitxia da Kirmenena: Goiz batez, Gogol eta Kafkaz gogoratuko da, ispiluan begiratzean desberdin sentitzen baita. Oso desberdin. Eta ispiluari kasu egiten badio, baditu desberdin sentitzeko arrazoiak. Baina, ez du ezer ulertzen. Norbaiti kontatu behar dio gertatzen zaion guztia, baina, batzutan, gauzak aldrebes xamar ateratzen zaizkigu. Xabi bere lagunari guztia kontatu ostean, eta haren erreakzioa ikustean, ez daki zer den arraroagoa: berari gertatzen zaiona, edota Xabi bera…

Superheroia izatea gauza bat da… baina, zer nolako Superheroia izan nahi duzun pentsatzeak buruhauste asko emango lizkizuke, ziur.
Bere ahalmen guztietan, zein da gehien gustatu zaizuna, eta zergatik? Superheroi izateko aukerarik bazenu, nolako Superheroia izan nahi zenuke?

Hegan bilduma, euskara ikasten ari direnei zuzendutako irakurgaiek osatzen dute. Istorioak hizkuntza mailaren arabera moldaturik topatuko dituzu, eta hiztegi lagungarria izateaz gain, liburuaren amaieran ulermena lantzeko ariketak eskeintzen dizkigu. 

astelehena, ekaina 06, 2016

A zer gaupasa!


Uda giroa. Oporrak hastear, eta sekulako emozioa. Hilabeteak eman dituzte irteera hau prestatzen, seikotearen lehen gaupasa. Ongi irabazia, noski, emaitza txarrak jasoz gero ez baitzuten aukerarik izango. Kontuak kontu, hura zen eguna argitzen ikusiko zuten lehen aldia, erlojuaren menpe egon gabe, lagunartean; lau egun kanpin dendetan, rock kontzertu eta guzti.

Baina, mutil ilekizkur bat pasa da Leireren bihotzaren paretik, eta auskalo zergatik, emozio ugari zituen ibilaldiari gatza eta piperra erantsi nahi izan dizkio berak, Josuren kezka eta amorrua pizteaz batera. Planik ederrenak txorakeria batengatik zeinen erraz honda daitezkeen jakin nahi? Irakurri artean, ezin imaginatuko dituzu gau hartan sentitutako emozioak.

Pasarte guztietan, zein da gehien harrapatu zaituena?
Istorioa filme bilakatzeko modukoa dela esango al zenuke?

ostirala, ekaina 03, 2016

Amets uhinak

Liburu honetan garai batean, aspaldi idatzitako ipuinak bidlu dituela esaten du Mariasun Landak, eta aspaldi hori noiz den zehaztera gonbidatzen gaitu. Bera bezalako idazle askori esker dugu gaur euskaraz hain literatura oparo eta aberatsa, aspaldiko garai haiek atzera denboran 40 urte baino gehiago ez direlako, eta gure literatura haien lanek biziberritu dutelako. 1975-80 urteen bueltan, euskarazko liburu gutxi zegoen, eta irakasleek sortzen zituzten, halabeharrez, baina baita ilusioz ere, geletan baliatzen zituzten hamaika istorio.

Mariasun Landak lan ugari eman dizkigu, eta liburuxka honetan istorioak sortzeko ideiak ere bilduko dituzu: Inoiz bururatu al zaizu marrazten ari zaren horrek zer esango lizukeen, hitz egiteko aukerarik balu? Edota, Txaf izena duen planeta bateko bizitza nolakoa izan daitekeen? Jakizu, Txaf planetako eskoletan ez dela diktaketarik egiten: letra guztiek aspaldi egin zuten ihes hiztegietatik, askotan hitz bera osatzen zuten letrak ez omen zirelako elkarrekin ongi konpontzen... Burutazio xelebreak, denbora itzel pasatzeko aukera politak.

asteazkena, ekaina 01, 2016

Hiru istripu eta bi amodio


Lehen orrialdeak hemen irakurgai.
Anuskak ez zekien. Oso nekeza egiten zitzaion pentsamenduak fokalizatzea, neuronak txukuntzea eta merezi zuen zukua ateratzea haiengandik. Azken egunetan saltoz salto ibili zen. Gutxieneko analisia egiteko astia eta energia behar zituen.
Zer egin zezakeen?

Destino jostariak jaramon egin balio bezala, bip-bip bat entzun zen. Mezu bat telefonoan. Bigarren bip-bipa. Bi mezu batera.

Elurretako neskak bihotza sutan izango du, baina Marie Curie miresten du, eta hark bizitzeko modu bakarra izan dezakegula erakutsi zigun: bihotzari kasu eginez. Txikitan jada printze urdinik ez dagoela erabaki zuten lagunen artean, eta printze gorriak bilatuko zituztela hitz eman zuten. Baina printze gorriak ez datoz beti zugana, akaso zuk eman beharko dituzu gerturatzeko urratsak, lotsaren lotsaz, eta kosta ala kosta… Printze haiek ere badituzte haien une beltz sekretuak...