astelehena, azaroa 02, 2020

istoriolari


Atsegin dut zaharrekin hitz egitea. Aulkia hartu, ondoan eseri eta haiek entzunez arratsalde osoa igarotzea, atsegin dut benetan. Izan ere, zaharrak kontalari onak dira, eta edozein harritzeko moduko ipuinen jabe izaten dira beti. Horrexegatik, atsegin dut osabaren ondoan esertzea. berak kontatzen baitizkit istorioak. 
Nik paperean jarri besterik ez ditut egiten, paperean jartzen ditut baina neure erara, jakina. Izan ere, egia da idazleok kontuak asmatu egiten ditugula, baina egia da, baita ere, inoiz ez dela ezerezetik asmatzen. Idazle ona entzule ona izan ohi da beti, bizitzaren taupadak entzuten badaki. (...)

Duela gutxi egon nintzen osabarekin berriro, istorio gosez bainintzen. Garmendiarena gogorarazi nion. Liburua idazteko asmoa nuela. Berak esan zidan ez zuela gogoratzen niri ezer kontatu izana. Amestu egingo nuela, nik neuk asmatuko nuela dena, berak ez zekiela Garmendia nor zenik ere. Une batez, zalantzen egon nintzen: nahastu egingo ote nintzen, ez ote zidan bada ezer esango... Baina ez, gezurretan ari zen. Azkar baino azkarragoa izan ohi da adineko jendea, eta askotan zerbait azaldu nahi duenean kontrakoa esan ohi du. Ez dituzte gauzak zuzenean esaten. Jakin behar da haien hitzen atzean dagoen benetako esanahia igartzen. Kosta zitzaidan, baina ulertu nuen azkenik. Osabak adierazi nahi zidan istorioak hil egiten direla batak besteari kontatzen ez badizkiogu. Neure txanda zela oraina adierazi nahi zidan, bazela garaia hark niri bezala nik besteren bati kontatzeko. Istorioak ez baitira inorenak.

                                                               Garmendia eta Zaldun Beltza - Kirmen Uribe eta Mikel Valverde

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina