larunbata, abendua 05, 2015

Gizajo baten egunkaria IV. Egun zakurrak

Udako oporrak. Amak ahaztezinak izan daitezen nahi du… Baina Greg eta amak desberdin irudikatzen dituzte bi hilabete hauek, ziurrenik etxe guztietan gertatu ohi den legez.

Gregek ileapaindegia txutxumutxuak zabaltzeko toki aparta dela deskubrituko du, eta sarriago joatea ez legokeela gaizki pentsatzera heldu da… Amak Super Irakurzaleen Kluba sortu du, eta Greg, zerbait irakurtzekotan, txutxumutxu aldizkarietan gauza interesgarrien bila ibiliko zaigu. Hala jakin zuen Ipar Amerika urak hartuta egongo dela sei hilabete barru.. eta horrek lasaitu ederra eman dio, datorren urtena nota onak ateratzeko presioa gainetik kendu baitio. Horiek dira Gregen burutazioak… 

Tira… ezin hemen bere egunkariko pasarte guztiak kontatu, guztiak xelebre xamarrak badira ere… 

Zein da zuen gustukoena?

Nur eta alfonbra hegalaria

Bidaia berri honetan, Nur bere familia ezagutzera joan zaigu Damasko hirira… Izan ere, baba Siriarra du. Bai, baba bere aita da.

Baina, senitartekoak ezagutzeaz batera, hiri ederra ere ezagutuko du, eta Zokoa behin eta berriz bisitatzeko aukeren bila jardungo da. Izan ere, Nur ezagutzen baduzu, badakizu istorioak oso maite dituela, sormen handiko neskatoa dela, eta misterioak ez dauden tokian berak segituan antzematen dituela. 

Alfonbra hegalari bat… imaginatzen? 
Bada… Nurrek bai… 
Eta Damaskoko zokoan barrena, alfonbra hegalari bati buruz Yasminaren istorioak ikaragarri hunkituko du.
Zuk ere egin dezakezu hegaz, Nur eta zure irudimenaren laguntzaz… 

Istorioarentzako amaiera berri asmatzen ausartuko al zinateke?

ostirala, abendua 04, 2015

Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola


- Pertsiarrak berriro datozela esan du -oroitu zuen Urkik-. Rakelek esan diguna kontuan hartuta, eta hau Grezia Klasikoa edo antzeko zerbait bada, Kristoren aurreko 480 ingurua izan liteke. Lehenbizi, 490ean inbaditu zuten pertsiarrek, eta Maratoneko borrokan amaitu zen. 480ean, bigarrenez. Garai hartan…
- Honetan -zehaztu zion Olainek.
- Garai honetan, pertsiarrak Heladea, Grezia, inbaditzeko bidean ziren.
- Dira.
- Olain, serio ari naiz.
- Baita ni ere. Ez dakit non gauden, baina guretzat ha ez da iragana. Hemen gaude. Eta hobe dugu horrela pentsatzea: ez gara ikusle hutsak. Rakelek ez du oso garbi utzi, baina norbaitek lepoa moztuko baligu… benetan hilko ginateke, ezta? Zer, ez duzue erantzuten?

Rakel eta Antton errealitate birtualak aztertzen ari zirela, Antton hor nonbait gelditu zaigu galduta, itxuraz greziarren artean… Ez dira bere lagunak bila ibiliko zaizkion bakarrak ordea… Ethana Norman jainkoen pare dabilela esaten badizute, istorioa ulertzeko liburua irakurri beharko, ez? 

Grezia Klasikoko ohitura eta balioak ezagutzeko aukera emango digute multibidaiariek, baita Sofokles, Perikles, Eskilo, Temistokles eta musen eta erritu desberdinen berri izateko ere… Leonidas, Xerxes, 300 espartarrak… Guztiak bizitzeko beste modu baten ispilu dira. 

Historiaz eta abenturaz haratago, zein gogoeta iradokitzen dizkizu istorio honek? Olainen bila jarraitu nahi?

#50. DA!

Durangoko Azokak 50. edizioa zabaldu berri du gaur, goizeko 10:30etan puntuan.
Euskal Liburu eta Diskaren Azoka,
gure kulturaren erakuslehio garrantzitsua, garrantzitsuena ez bada… Abenduko asteburu luzea aprobetxatuz, horra urteak emandako uzta oparoa, egun hauetan 350 lan berri aurkeztuko baitira bertan.

Durangok lehen eguna Ikasleari zuzentzen dio, bertan kuxkuxean aritu, eta eskura duena ezagutzeko aukera eskeiniz; hala, ikasle uholdeak ematen dio hasiera bost eguneko kultur mozkorraldiari, 250 kultur ekitaldiren gozamena ia beste 250 erakustokiren sormen-zurrunbiloaz batzen baita.

Landa Gunean Azoka bai, baina Azokan hori baino gehiago topatuko duzu…
Gu Saguganbararaino heldu gara, ume eta gazteekiko transmisioa lantzeko gunera, gurasoek seme-alabekin batean hizkuntzarekin jolas egiteko eremura. Bertan, idazleen aurkezpenak, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen dira Berbaroren eskutik, irakurketa aktiboa bultzatzeko. Gerturatuz gero, prestatu diguten ekitaldi mordoskaz gozatuko duzula ziur!



osteguna, abendua 03, 2015

Eskale txikiak




Liburu honetan Francesco, Domenico eta Anaren historia kontatzen da. Gerrate ondorenean, mendiz inguratutako beren herrixka utzi beharrean gertatzen dira, eta bidaia luze bati ekiten diote Italian zehar.

Bidaia honetan era guztietako jendea ezagutuko dute hiru gaztetxoek: diruzaleak, berekoiak, besteri laguntzeko prest dagoen bihotz oneko jendea, euren lurrak defendatzearren borrokan dabiltzan nekazariak…


Lehio bat ireki eta bertatik gizartea ikustea bezala da liburu hau irakurtzea. Zerk hunkitu zaitu gehien?


asteartea, abendua 01, 2015

Bat Pat. Hortzandi pirata

       Itsasoko Elezaharrik Ilunenak - Edgar Allan Poker.

"1666. urtea zen. Apirilaren 17ko gauean, Burezurraren uharte ondoko itsaso zabalean, Portwind parean, Hortzandi pirataren Kolpatua itsasontzi beldurgarria zokomiran zebilen. Mapa misteriotsu batek gidaturik, kapitaina altxor misteriotsu baten bila zihoan, hain zuzen leku mehatxagarri hartako uretan ezkutaturik omen zegoelako."


Maparen eta altxorraren kontuaz gain, elezaharrak osabak esandakoak baieztatzen zituen: itsasontzia hondoratu egin zen, eta hartaz eta tripulazioaz ez zen besterik ezer jakin. 
Arazo-usaina du kontu horrek guztiak, eta gaueko biztanle hegodun noble idazle batek uste baino pista gehiago bilduko ditu festa batean… eta abenturak idaztea baino, maitasun gutunak idaztea zailagoa dela deskubrituko du.

Bat Paten abentura honetan, zer da gehien gustatu zaizuna?