osteguna, martxoa 24, 2016

Eskubeltz taldearen abenturak

Lagun talde bat: Eskubeltz taldea. Detektibe lanetan primerakoak, apartak! Eta zu haiekin batera Sherlocken pareko izan zaitezen gonbidatzen zaituzte orriz-orri, lau misterio desberdin argitzeko moduan izan zaitezen: Etxe Misteriotsua, Kastoreen lakuko altxorra, Trafikarien tunela eta Lapurreta zooan. 


Detektibetzarako zure trebetasunak neurtu nahi badituzu, liburu paregabea duzu hau, dibertigarri eta desberdina: orrialde batean irakurri, eta albokoan, irudian, behatu, aztertu, eta aztarnak topatu. Zenbat eta erantzun gehiago asmatu, orduan eta hobeak izango dira, zalantzarik gabe, zure detektibe lanak.


Maletatxo baten bila dabiltza… 

Non uste zuen Felixek zegoela maletatxoa?

asteazkena, martxoa 23, 2016

Gezurrezko natura hila

Ingridek 16 urte beteko dituenean IPada eskatu du, baina amak aspaldi esan zion gauza batek horrelakorik ez duela jasoko pentsarazten dio: 16 urte bete zituenean berari oparitu zioten gauza bera jasoko du berak ere, etxeko ohitura zahar bati jarraiki… 
Bere birramona Carmen Beltranen eguneroko zaharkituak garai bateko emakume baten grina eta borroken berri emango dio, eta baita bere burua balioesteko beste modu bat irakatsiko ere. Ingridek bere pintura zaletasuna Jacoborekin partekatuko du, hori, eta baita askoz gauza gehiago ere… Garai bateko emakumeek gizonezkoentzako gordea zen munduan izandako zailtasunak agerian uzten dizkigun istorio honek, emakume eta gizon ezagun askoren istorioak ditu atzean, oraindik, gaurdaino, ezezagun ere badiren istorio asko….

astelehena, martxoa 21, 2016

Ottoline eskolara doa

Lehenago Chris Riddellen liburuak harribitxiak zirela aipatu genuen, Ottoline eta kateme horia irakurri genuenean. Estiloa berbera, marrazki ederrez ondutako liburua… 
Ottoline ez da sekula eskolara joan, eta Cecily Forbes-Lawrence III.a ezagutu duenean, eta honek tea zeinen ederki zurrupatzen duen harrituta ikusi duenean, berak ere Dohain Berezidun Umeentzako Alice B. Smith Ikastetxera joan nahi duela erabaki du. Munroe jaunak lagunduko du, noski, nahiz eta Cecilyk ez duen gehiegi maite… baina hori beste istorio bat da… Egia esan, Munroe jaunak ere ez du Cecily gehiegi maite, baina hori zergatik den jakiteko, ikastetxera lagundu beharko dituzu. Armairuko artzaren laguntzaz maleta egin… eta bide on! Ottolinek bere dohain berezia zein den topatu beharko du, eta Munroe jaunaren laguntza ezinbesteko izango zaio.

larunbata, martxoa 19, 2016

Jara Bartzelonan

Bartzelonara joan zaigu Jara, aitaren lan kontuak direla eta. Eta Ihintza ikaragarri ongi moldatuko zela badakien arren, berari asko kosta zaio hiri handira moldatzea. Txiki sentitzen da, oso txiki, eta babesa askotan bakardadeak baino ez dio eskeiniko. Izan ere, lagunak egin artean, ikastetxean liburuen artean edota komunean sentituko da babestuta, berarekin inor sartzen ez den tokian. Bakardadea desberdina da bakarrik zaudenean, jendez inguratutako bakardadea da gaizki sentiarazten zaituena. Pentsamolde horiek buruan, Laiak komunean harrapatu du Jara… eta halako batean, ausartu da galdera egiten.. Tira.. ile-apaindegira joan nahi, baina batere ezagutzen ez duenez, aholkurik? … Laiak berehala ulertu du, eta hiri handiko lehen laguna egiteaz batera, mundu berria deskubritzen lagunduko dio Jarari…

asteazkena, martxoa 09, 2016

Piramide gorria

Piramide gorriak Egiptoraino eraman gaitu… Baina istorioa Rosetta Harriaren inguruan hasiko da, Londreseko British Museum ederrean. Rosetta Harria harribitxi bat dela esaten badugu, diamante eta zafirotan pentsatuko duzu ziurrenik, baina ez du horrekin inolako zerikusirik… Harribitxia bada, ieroglifikoak irakurtzeko aukera eskeini zigulako da. 

Julius Kane arkeologo handiak hitzordu bat du haren ondoan, baina gauzak ez dira uste bezala irtengo, eta Carter eta Sadie seme-alabek ihes egin beharko dute, Eguberri eguna inolaz ere imagina ezin zuten moduan pasako dutelarik.

Imagina itzazu o hizkiaz amaitzen den edozein janari gustoko duen Khufu babuino litxarreroa, Muffin katu kuriosoa, edota Filipo Mazedoniako krokodilo albinoa… eta deabruak askatu dituen Jaun gorria…

Imaginatzeko esatea erraza da… baina arrazoi duzu, irudimen handia behar da… Dibertigarriagoa da irakurri eta guztiarekin gozatzea! Primeran pasako duzu! Ziur!
Zein da gehien gustatu zaizun pasartea?

asteazkena, martxoa 02, 2016

Luxoreko misterioa

Arte ikertzaile bilakatu zaigun familiaren bigarren oporraldiak dira hauek, Egipto aldera oraingoan. Piramide tzar horiek nola eraiki zituzten, egiptoarren jakintza mundua bera, aspalditik dira misterio ulergaitza, eta akaso horrek ere egiten du erakargarri lurralde hura. Bestela nola ulertu zerua goian eta norabide guztietan basamortua baino ez dagoen lurralde hura ezagutzeko grina?
Beroak estutzen zaituenean, zail da behar bezala atseden hartu eta pentsatzea.

Egipton oraindik ere misterio gehiago argitu beharko ditu familia berezi honek. Eta… Faraoien madarikazioa zein den ez badakizu, Egiptora bidaia egin aurretik, Luxorreko misterioa irakurtzea komeni zaizu.