larunbata, apirila 02, 2016

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

1805ean gaurko egunez jaio zen Hans Christian Andersen danimarkarra, eta haren omenez, 1967 urteaz geroztik IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera, eta aurten Brasili egokitu zaio; herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen dituzte mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egiteko, horiek baliatuz liburutegiek, ikastetxeek, liburu-dendek eta  bestelakoek irakurzaletasuna susta dezaten.

Hauxe duzue aurtengo kartela, eta hemen testua eskuragarri.
Pixka bat kuxkuxeatuz gero, testuaren idazleari eta ilustratzaileari buruzko informazioa ere topatuko dituzue.

ostirala, apirila 01, 2016

Labirintoko borroka

Percy Jackson eta Carter Kane antzeko direla esan genezake, jainko eta mitoen artean haiek ere heroi klasiko bilakatzen ari zaizkigulako azken urteotan, biak Rick Riordanen eskutik. Aintzinako kultura desberdinetako mito eta istorioak oinarri, irudimenez eta surrealismoz beteriko kontakizunak moldatzeko abilezia erakutsi digu idazle honek, eta saga desberdinak moldatu. Percy Jackson eta Olinpiarren istorioetan laugarrena dugu hau. Hamabost urteko mutil batek nahitaez ditu neskekin gorabeherak, eta kasu honetan, baita jainkoekin ere… Bi mundu oso desberdin, umorez jantziak, konturatzerako istorioari pega-pega egingo zaituztenak.

Labirintoan barrena bidaia, igarkizunak eta frogak, eta jainko eta jainkosen kapritxoekin batera, haiengandik espero genituenak ez dira sekula historiak irakatsi digun bezalakoak izango. 

Barre egingo duzu, disfrutatuko duzu, eta oharkabean, kulturaren pasarte diren kontakizun ugari zeureganatuko dituzu, Minos, Hera, Esfingea, Zeus, Poseidon, Kronos eta beste hainbat jainko ez baitira zuk ezagutzen dituzun bezain aspergarriak.

asteazkena, martxoa 30, 2016

Abbadiaren sekretua

Abbadiaren sekretua Fernando Morillok idatzitako beste eleberri bat dugu… Abentura eta misterioa gogoko badituzu, dagoeneko zure agendan gogokoenen artean behar luke idazle honek.
Istorioaren lehen orriak hemen

Gauzak nola diren, eleberriaren proiektua sariketa batera aurkeztu zuen, eta sari gisa, Hendaiako Nekatoenean egonaldi bat egiteko aukera izan zuen, eleberria osatzeko astia alegia. Bitxikeria gehiago jakiteko, hemen.

Eta bertatik gertu, oso gertu, Anton Abadia izan zenaren gaztelua dago, Hendaiako itsaslabarraren gainean, Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan. 1860 urte aldera eraiki arazi zuen, eta Europa osoko astronomi behatoki bakarra antolatu zuen bertan, apala, baina garai hartarako ikaragarria. Horretaz gain, hamalau hizkuntza gutxienez ezagutzen zituela badakigu, eta euskalzale amorratua izanik, Lore Jokoekin lotzea ezinbestekoa da.

Horixe da Alar eta Kaietek aiton-amonen etxera joandakoan topatu duten eskenatokia. Amonak aspalditik egina du gaztelua zaintzeko zina, eta bertatik itzultzen ez dela ikusita, bila joan zaizkionean, jendarmeekin egin dute topo. Gauza arraro gehiegi, eta tartean, Fatima eta Publio, aintzinako ezagunak, maitasun kontuak tarteko, harreman arraro xamarrak dituztenak. Abentura nola garatzen den, eta misterioa argitzen ote den jakiteko, Abbadiaren sekretua zerorrek deskubritzea onena. 

Zer da gehien harritu zaituena?

astelehena, martxoa 28, 2016

Infernuko arrosak

Lurralde ezkutuko detektibeen bigarren lana dugu hau, Fernando Morillok San Mameseko zonbia aurkeztu zigun talde berarena. Oraingoan, Donostiako deabru baten aurka aritu beharko dute zonbiak eta bere lagunek, emakume dotore batek babesa behar duela esan baitie. Babesa, bai, deabru-eme batek gauero larrosa beltz bat uzten baitio gau-mahaian… Zenbaitetan ispiluen atzetik begiratzuen duen emakume-deabrua.

Poliziarekin hitz egiten saiatua zen, baina barre egin, eta psikiatrarenera joateko aholkatu zioten; hark ere gauza bera pentsatu omen zuen, baina bisitak ederki kobratu zizkion… Zuen duintasun apurraz gerturatu zen Ezezagunaren Ikerketa Agentziara… eta froga gisa, hiur larrosa beltz utzi zizkien. Emakumeak bulegotik aldegin orduko, garbi zuten… Infernuko larrosak ziren haiek, eta gaia, beraz, arriskutsuegia. Baina fakturei aurre egin behar eta…

Tira, bihotz ugari nahaspilatuko dira istorio honetan, baina ezin gehiago kontatu… Irakurtzen baduzue, barre pixka bat egingo duzue, ziur izan!
Gozatzen hasteko, hemen dituzue istorioaren lehen orrialdeak...
Kontatuko al diguzu zein den zure pasarterik gogokoena?

Maripuzker

Istorioa irakurtzen erraza, oso erraza… lehen irakurleentzako aproposa, motza izateaz gain, dibertigarria ere badelako. Baina lotsarazten gaituzten puzkerrez haratago, badu ipuinek sarri izan ohi duten irakaspena: inoren lepotik barre egitea puzkerrak botatzea baino itsusiagoa dela alegia.

Mitxel Murua zarauztarra dugu, eta marrazkilaria, berriz, Mattin handia…. Haien lanari esker, irribarrea marraztuko zaizu ziur. Iruñeko Hizkuntza Eskolan ere gauza bera pentsatu omen zuten, eta hizkuntzetan trebatzeko duten Raibabel irratian Euskara ikasten bigarren mailan zebilen talde batek honako grabaketa jaso zuen.

Gustatuko zaizuelakoan!!

larunbata, martxoa 26, 2016

Laranja bat zaborretan

Patxi Zubizarretak berak itzuli zuen Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, eta bertako pasarte motz batek ematen dio istorioari sarrera:

Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, oso inguru aberatsa den seinale. Zakarrontziena alboan zikinkeria ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-oso pobrea izango da.

Mayorga dramaturgoari jaso zion Patxi Zubizarretak sortzaileak adi egon beharra daukala, jaso egin beharra daukala zarata, munduko zarata, kutsadura eta kiratsa… eta alkimia berezi baten bitartez bihurtu behar dituela poesia, musika… eta amets. Beharbada hori da laranjak irudikatzen duena, zaborretatik Karabinok atera duen laranja horixe baita.


Ahozko literaturak ere badu lekurik istorio honetan, kultura desberdinetan maiz jaso izan baititugu istorioak belaunaldiz-belaunaldi, eta ahoz-aho… qr koderen bat topatuko duzu orrien artean, eta horiek baliatuz, pasarte batzutan irakurle ez baina, entzule bilakatuko zara, Al-Qaraba nekropolian ipuin kontalari baten ondora iritsiko baitzara Karabino ameslariaren eskutik.