asteazkena, abendua 21, 2016

Olentzero eta Maridomingi

Ipuina aspalditik da eleberriaren ahaide txikia, laburragoa delako, zuzenagoa, eta askotan, gaztetxoenei zuzendua izan delako... Gabon giro honetan, iaz Pello Añorga eta Jokin Mitxelena marrazkilariak Olentzero eta Maridomingi lana kaleratu zuten, eta ezin pentsa zenbat buruhauste izan zuten hain istorio ezaguna atontzeko unean... Benetan, hain ezaguna ote?


Ohitura eta tradizioak, usadio izanik ere, pixkanaka egiten dira, eta garapen horren lekukotza jaso nahi zuten lan berrian, tradizioaren errelato berria eginaz; galtzen ari den kutsu erlijiosoa kontakizunetik kanpo utzi eta, euskal mitologiako hainbat pertsonaiaren antzera, naturarekin harremanetan jarri dituzte biak, neguko solstizioaren inguruan. Horregatik akaso, buruari hainbeste eragin ostean, Pello Añorgak berak kontakizuna bereziki gurasoentzat pentsatua dela dio, etxe giroan, familian partekatzeko. Ipuinak sortzen errazak direla uste duenak, idazleari eginiko elkarrizketa hau irakurriz gero, akaso iritziz ere aldatuko du... 

osteguna, abendua 15, 2016


Gure bloga apaintzeko gabonetarako zuhaitz baten bila ari eta, Istoriolarin bertan topatu dut behar nuena... 

Tira, gabonetako zuhaitzek argiak izaten dituztela egia da... baina liburuek badute argia, ilusioa pizteko gaitasuna...

Eta neskatoaren txapelak badu dotorezia eta magiaren arteko zerbait...
Gabonetarako zuhaitz paregabea!

Gabon giroa somatzen da... 

osteguna, azaroa 24, 2016

Argixorgin


Illarek hitz egiteko arazoak ditu, tira, batzutan egoki ahoskatzeko zailtasunak izaten ditu... eta horregatik etorri da Agate etxera, logopedia saio batzuk eginaz bera laguntzera. Baina Illareri ez sail Agate gehiegi gustatu, susmo txarra hartu dio... eta ezin esan zergatik, baina Roald Dahlen Sorginekin gogoratu da.

Argixorgin... ikaskide malapartatu batzuen ankerkeriak helarazi du etxera. Illareren lepotik barre egiteko, saguxahar bat hegoetatik hiltzatu eta ahoan zigarrokina duela utzi dute. Gaixoa lehertu egin da, eta haren kumea jaso du Illarek. Horixe izango da istorio honetako protagonista txikia.
Sorginak eta saguxaharrak.... zer gehiago behar beldur istorio bat antolatzeko?

osteguna, urria 27, 2016

Momotaro. Kamishibai istorio bat.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren 27. astea, aurtengo edizioan, Japoniako zinemaren inguruan jardungo da, unibertsala den iruditeria sortu duelako. Hori aitzakia hartuta, Judas Arrieta artista eta Harkaitz Cano idazlea Japoniako ahozko tradizioari urreratu zaizkio, eta Kamishibaia berrikusi eta egokituz, proiektu ederra gauzatu dute, gaurtik aurrera Tabakalerako Kutxa-Kultur Plaza erakusketa-gunean izango dena, abenduaren 11ra bitarte.

Kamishibai hitzak paperezko antzerkia esan nahi du; agertoki txiki baten antzeko zerbait dela esan genezake, eta bertan irudiak sartzen ditu istoriolariak. Irudien atzean istorioa du idatzirik, eta hala, laminak pasa ahala, istorioa kontatzen joango zaie entzuleei.

Momotaro melokotoi erraldoi batetik jaioko den haurraren istorioa da... Ezagutu nahi?

astelehena, urria 24, 2016

Liburutegien Nazioarteko eguna


1992an, Balkanetako Gerran, gaurko eguna bezalako batez Sarajevoko Liburutegia erre zuten. Bi milioitik gora liburu, haietariko asko eta asko zaharrak, balio handikoak, munduan bakarrak; kultura desberdin ugari, hizkuntza anitz...  Bertako langileak bakarrik ez, auzokideak ere gerturatu ziren, euren bizia arriskuan jarriz, liburuak salbatzera. Liburu gehienak, ordea, suak hartu zituen: %80a kiskali zen, baina besteak zaharberritze lan korapilatsuetan berreskuratu dira.

Bost urte beranduago, Sarajevoko liburutegi hura gogoratzearren, liburuak maite zituzten haien guztien omenez, Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzen dugu urriaren 24an.