asteazkena, martxoa 30, 2016

Abbadiaren sekretua

Abbadiaren sekretua Fernando Morillok idatzitako beste eleberri bat dugu… Abentura eta misterioa gogoko badituzu, dagoeneko zure agendan gogokoenen artean behar luke idazle honek.
Istorioaren lehen orriak hemen

Gauzak nola diren, eleberriaren proiektua sariketa batera aurkeztu zuen, eta sari gisa, Hendaiako Nekatoenean egonaldi bat egiteko aukera izan zuen, eleberria osatzeko astia alegia. Bitxikeria gehiago jakiteko, hemen.

Eta bertatik gertu, oso gertu, Anton Abadia izan zenaren gaztelua dago, Hendaiako itsaslabarraren gainean, Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan. 1860 urte aldera eraiki arazi zuen, eta Europa osoko astronomi behatoki bakarra antolatu zuen bertan, apala, baina garai hartarako ikaragarria. Horretaz gain, hamalau hizkuntza gutxienez ezagutzen zituela badakigu, eta euskalzale amorratua izanik, Lore Jokoekin lotzea ezinbestekoa da.

Horixe da Alar eta Kaietek aiton-amonen etxera joandakoan topatu duten eskenatokia. Amonak aspalditik egina du gaztelua zaintzeko zina, eta bertatik itzultzen ez dela ikusita, bila joan zaizkionean, jendarmeekin egin dute topo. Gauza arraro gehiegi, eta tartean, Fatima eta Publio, aintzinako ezagunak, maitasun kontuak tarteko, harreman arraro xamarrak dituztenak. Abentura nola garatzen den, eta misterioa argitzen ote den jakiteko, Abbadiaren sekretua zerorrek deskubritzea onena. 

Zer da gehien harritu zaituena?

astelehena, martxoa 28, 2016

Infernuko arrosak

Lurralde ezkutuko detektibeen bigarren lana dugu hau, Fernando Morillok San Mameseko zonbia aurkeztu zigun talde berarena. Oraingoan, Donostiako deabru baten aurka aritu beharko dute zonbiak eta bere lagunek, emakume dotore batek babesa behar duela esan baitie. Babesa, bai, deabru-eme batek gauero larrosa beltz bat uzten baitio gau-mahaian… Zenbaitetan ispiluen atzetik begiratzuen duen emakume-deabrua.

Poliziarekin hitz egiten saiatua zen, baina barre egin, eta psikiatrarenera joateko aholkatu zioten; hark ere gauza bera pentsatu omen zuen, baina bisitak ederki kobratu zizkion… Zuen duintasun apurraz gerturatu zen Ezezagunaren Ikerketa Agentziara… eta froga gisa, hiur larrosa beltz utzi zizkien. Emakumeak bulegotik aldegin orduko, garbi zuten… Infernuko larrosak ziren haiek, eta gaia, beraz, arriskutsuegia. Baina fakturei aurre egin behar eta…

Tira, bihotz ugari nahaspilatuko dira istorio honetan, baina ezin gehiago kontatu… Irakurtzen baduzue, barre pixka bat egingo duzue, ziur izan!
Gozatzen hasteko, hemen dituzue istorioaren lehen orrialdeak...
Kontatuko al diguzu zein den zure pasarterik gogokoena?

Maripuzker

Istorioa irakurtzen erraza, oso erraza… lehen irakurleentzako aproposa, motza izateaz gain, dibertigarria ere badelako. Baina lotsarazten gaituzten puzkerrez haratago, badu ipuinek sarri izan ohi duten irakaspena: inoren lepotik barre egitea puzkerrak botatzea baino itsusiagoa dela alegia.

Mitxel Murua zarauztarra dugu, eta marrazkilaria, berriz, Mattin handia…. Haien lanari esker, irribarrea marraztuko zaizu ziur. Iruñeko Hizkuntza Eskolan ere gauza bera pentsatu omen zuten, eta hizkuntzetan trebatzeko duten Raibabel irratian Euskara ikasten bigarren mailan zebilen talde batek honako grabaketa jaso zuen.

Gustatuko zaizuelakoan!!

larunbata, martxoa 26, 2016

Laranja bat zaborretan

Patxi Zubizarretak berak itzuli zuen Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, eta bertako pasarte motz batek ematen dio istorioari sarrera:

Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, oso inguru aberatsa den seinale. Zakarrontziena alboan zikinkeria ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-oso pobrea izango da.

Mayorga dramaturgoari jaso zion Patxi Zubizarretak sortzaileak adi egon beharra daukala, jaso egin beharra daukala zarata, munduko zarata, kutsadura eta kiratsa… eta alkimia berezi baten bitartez bihurtu behar dituela poesia, musika… eta amets. Beharbada hori da laranjak irudikatzen duena, zaborretatik Karabinok atera duen laranja horixe baita.


Ahozko literaturak ere badu lekurik istorio honetan, kultura desberdinetan maiz jaso izan baititugu istorioak belaunaldiz-belaunaldi, eta ahoz-aho… qr koderen bat topatuko duzu orrien artean, eta horiek baliatuz, pasarte batzutan irakurle ez baina, entzule bilakatuko zara, Al-Qaraba nekropolian ipuin kontalari baten ondora iritsiko baitzara Karabino ameslariaren eskutik. 




osteguna, martxoa 24, 2016

Eskubeltz taldearen abenturak

Lagun talde bat: Eskubeltz taldea. Detektibe lanetan primerakoak, apartak! Eta zu haiekin batera Sherlocken pareko izan zaitezen gonbidatzen zaituzte orriz-orri, lau misterio desberdin argitzeko moduan izan zaitezen: Etxe Misteriotsua, Kastoreen lakuko altxorra, Trafikarien tunela eta Lapurreta zooan. 


Detektibetzarako zure trebetasunak neurtu nahi badituzu, liburu paregabea duzu hau, dibertigarri eta desberdina: orrialde batean irakurri, eta albokoan, irudian, behatu, aztertu, eta aztarnak topatu. Zenbat eta erantzun gehiago asmatu, orduan eta hobeak izango dira, zalantzarik gabe, zure detektibe lanak.


Maletatxo baten bila dabiltza… 

Non uste zuen Felixek zegoela maletatxoa?

asteazkena, martxoa 23, 2016

Gezurrezko natura hila

Ingridek 16 urte beteko dituenean IPada eskatu du, baina amak aspaldi esan zion gauza batek horrelakorik ez duela jasoko pentsarazten dio: 16 urte bete zituenean berari oparitu zioten gauza bera jasoko du berak ere, etxeko ohitura zahar bati jarraiki… 
Bere birramona Carmen Beltranen eguneroko zaharkituak garai bateko emakume baten grina eta borroken berri emango dio, eta baita bere burua balioesteko beste modu bat irakatsiko ere. Ingridek bere pintura zaletasuna Jacoborekin partekatuko du, hori, eta baita askoz gauza gehiago ere… Garai bateko emakumeek gizonezkoentzako gordea zen munduan izandako zailtasunak agerian uzten dizkigun istorio honek, emakume eta gizon ezagun askoren istorioak ditu atzean, oraindik, gaurdaino, ezezagun ere badiren istorio asko….