larunbata, apirila 30, 2016

Ipuin batean bezala

Joan Mari Irigoien ez da haur literaturan kokatzen, eta gazteenean ere ez ziurrenik. Ipuin batean bezala, gure bizitzaren irakurketa egiteko gonbitea da, argitzaletan baikabiltza uneoro.
Elkarrizketa batean irakurri genion behin, mendian zebilela, inoiz ikusi duen behi-kakarik handienarekin egin zuela topo, eta hark, gainean, lau txanpinoi eder zeuzkala… Bizitzaren parabola ikusi zuen orduan, kaka eta edertasuna, biak nahasturik. Inguratzen gaituen mundu kaka horretan, edertasunik ere topa dezakegula alegia… Eta hori dena islatzen saiatzen dela bere istorioetan.

Sonanbulu gisa emango du goiza Anderrek Sararen gutun desesperatu bezain laburra topatzean, zer esan ez dakiela:

Ukitzen ditudan loreak zimeldu egiten dira. Ukitzen ditudan eguzkiak itzali egiten dira. Ukitzen ditudan gizonak zapuztu egiten ditut. Gizon ona zara eta ez dizut minik egin nahi, ez zaitut zapuztu nahi. Ene oraingo ametsa, gainera, bestelakoa da eta hor ez du ezein gizonek lekurik. (…) Izan zoriontsu. Sara.

Ezin etsi ordea, eta gutun bat idatzi behar ziola bururatu zitzaion:

Ukitzen dituzun lore guztiak zimeltzen omen dira, bai, baina nahiago dut zure lore zimel bat, munduko basorik abartsuenetan ezkutatzen den orkidearik ederrena baino. Ukitzen dituzun eguzki guztiak itzaltzen omen dira, baina nahiago dut zure eklipsearen argitan bizi, unibertsoko eguzki guztien itzalpean baino. Ona naizela diozu, baina nahiago nuke gaiztoa naizela esango bazenit eta maite-maite nauzula. Ander.

Idatzi bezain pronto… hautsi, eta beste bat idazteko beharra… 

Denborak aurrera egin ahala, bizitzaren lege bortitzak Leire ere harrapatuko du, eta bi bihotzek bakarrean egingo dute taupa, beste askorenen artean, bizitzak bere bidea jarrai dezan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina