osteguna, urtarrila 12, 2017

Atxiki sekretua - Sorginaren eskuliburua -

Nire neba Mikelek esaten zuen ez zegoela sorginik, baina amonak baloia zulaturik itzultzen zienean, "Sorgina!" deitzen zion, eta zantarra, eta mamala, eta zalamandrana, eta baita gauza itsusiagoak ere.
(...) Gure aitak ere esaten zuen ez zegoela sorginik. Baina, batzuetan, ipuinak kontatzen zizkigunean, sorginak gora eta sorginak behera ibiltzen zen. Gainera, behin batez, amari honela esaten ziola entzun nion:
- Goiko sorgin horrek susto galanta eman dit, lehen eskaileretan. Ni saltoka nindoan, eskailerak binaka igoz, eta halako batean argia itzali da, eta nik zerbait biguna ukitu dut, eta kirats ikaragarria usaindu dut, eta bihotza eztarriraino igo zait, eta, norbaitek argia piztu duenean, goiko sorgin horren begi gorriak niri begira topatu ditut, eta garrasi egitekotan egon naiz, eta... 
Hori, edo antzeko zerbait esan zion aitak amari, baina batez ere sorgina deitu zion Grazianari, sorgina, Mikelek deitzen zion bezalaxe.

Joanak hitz hauek guztiak buruan zituela, egun batez galdera luzatzeko ausardia nahikoa izan zuen:
- Graziana, zuk sinisten al duzu sorginetan?
- Esaten dituzten guztiak badira, baina atxiki sekretua: ez esan badirela...

Patxi Zubizarretak, liburuaren Azken Hitzan idatzitako lerro batzuekin amaituko dugu harribitxi honi buruzko gogoeta laburra, berak baino hobe inork laburbilduko duelako liburuaren mezua:

Kontraesana ematen badu ere, badirudi argiak itzali egin zuela mundu hura, eta, beharbada, horixe izan da lan honen asmoa: iluntasun hartan argi apur bat egitea. Milan Kundera idazleari noizbait irakurri nion zenbat eta azkarrago bizi, hainbat eta gehiago ahanzten dugula, eta horixe dela gure gizartearen ezaugarri nagusienetako bat: ahanztura edo, Juan Goytisolok "memoricidio" esaten diona, iraganaz eta memorias beste egitea. Eta sorginak lagun, liburu honen bidez, oroimen hori preziatzea eta berritzea ere nahi izan dugu.

Elena Odriozolaren marrazki poetikoez lagundurik, Zubizarretak hango eta hemengo istorio, ipuin, kanta eta bitxikeriak batu ditu, ipuin horiek aleka irakurtzeko aukera eskainiz... baina baita sorgin istorio horiek guztiek osatzen duten sorgin historia zoragarria josi ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina