astelehena, maiatza 09, 2016

Maite-Maite ile-apaindegia


Praktiketako azken eguna bere karrerako lehenengoa balitz bezala bizi zuen. Irrika bizian zegoen ile-apaindegiko saltsa-maltsak berriro bizitzeko: Priscilleren kasketaldiak, Clararen dramak, Luckyren eztenkadak, laka eta xanpuen usainak, ate gaineko kanpaiaren dangak, diru-kutxako txintxinak, ispiluetan gurutzatzen ziren begiradak eta bezeroek beren burua itxuraldatuta ikustean eskaintzen zizkieten irribarreak.

14 urte dituztela, eskolan astebeteko praktikak egin behar dituztela esan diete, eta amonak Maite-Maite ile-apaindegian galdetu du ea Louisek bertan burutu ote ditzaken. Uste baino hobeto sentituko da bertan Louis, aitarentzat sekulako disgustua izango bada ere…
Buruhauste ugari, gehiegi… Baina ametsei tinko eutsi behar zaie, bigarren aukeretan sinesteko adorerik baduzu behintzat.

ostirala, maiatza 06, 2016

Musubero Mon Amour

Oroitzen Maxeri hamar urte bete zituenean argazki kamera oparitu ziotela?
Harrezkero argazkiak atera eta atera dabil, eta beti topatzen du bitxikeriaren bat… Aitona bere kuleroekin topatu zuenean lotsa ederra pasa zuen, eta baita kezka ere, aitona burua galtzen ari ote zen beldur. 

Oraingoan ere jo eta ma gelditu da. Kiroldegiko tribunan neska taldeari egindako argazkiak, han atzean, ezkutuan, andereño Maripi harrapatu du: Zer arraio-gorri egiten ari da andereño Maripi musu beroak ematen gizon arrotz bati? Monsieur Moustache hori nor ote da?

Maxe urduri dabil, argazki horrek andereñoa konprometitzen baitu… eta sekretua berarentzat gorde behar duela erabaki du, partidua amaitu artean behintzat. Batzutan ixilik egotea hobe!

osteguna, maiatza 05, 2016

Zu bezain ahul

Lehen eta orain, nahi eta ezin, zu eta ni… edota ni eta zu.
Iraganari ihes egin nahi eta ezina, eta arnas berria hartzeko kanpora jo beharra...
Sentimenduek lotzen dituzte 15 ipuin labur hauek, eta sentimenduen atzean, gehienetan, mina.
Denborak eragindakoa, harremanek edota harreman faltak sortutakoa, inoren ahulezia bistan uzten dutena.

Karmele Jaio
Ipuin bakoitzak min desberdina azaleratzen du, eta guztiek batera, gizakion erretratu poliedrikoa egingo digute, istorio desberdinekin gure istorioa osatuko bagenu bezala.

Bat hautatzekotan, Dantzan. 
Irakurriz gero, berehala ulertuko duzue zergatik…
Punta-takoi, punta-takoi, punta.

asteazkena, maiatza 04, 2016

Ezekiel nora ezean

  Bakarrik geratzea salbazioa izan zen. Ez nuen inorekin egoteko gogorik. Ez inoren lelokeriak entzuteko, ezta nire beldurrak inori kontatzeko asmorik ere. Bakarrik egon nahi nuen. Eta hura leku perfektua zen. Eguzkiak bare jotzen zuen eta kalean isiltasuna zen nagusi. Eta halaxe, sofa zahar hartan eserita, afariaz, amaz, arrebaz, aitaz eta abarrez pentsatzen nuen bitartean, loak hartu ninduen. Eta ez nintzen esnatu harik eta norbaiten eskua sentitu nuen arte nire bekokian.
- Ezekiel! Ezekiel!
Naroa zen.

Eskolara agertu da Ezekielen aita, hainbeste urte eta gero… eta bizitza hankaz gora jarriko dio. Barrena hustutzeko beharra duenean ere, kosta zaio asmatzea, mutilak inkomunikazioaren komunikazioan bizitzen ohituta daudelako. Zalaparta, barrea eta txantxa. Horiek haien hizkuntzaren kodeak… Baina bene-benetako sentimenduei buruz hitz egitea ikaragarri kosta, lotsa edo. Eta Ezekielek ez du asmatzen. Neska kontuak dira: ama, arreba, Elena, eta Naroa… Neska gehiegi, eta kirioak dantzan! Nerabezarotik gazte izateko bidea uste baino korapilatsuagoa da, etengabe korapiloak askatuz eta korapilo berriak eginez.

astelehena, maiatza 02, 2016

Nur eta herensugearen tenplua


Nur eta bere gurasoak Txinara joan berri dira bizitzera. Lagunak egin eta, Guo-Guoren urtebetetzea ospatzeko, jolas parke erraldoi batera joan dira. Bertan, atrakzioetako batean harrapaturik geldituko dira, labirinto itxurako herensugearen tenpluan, eta igarkizun batzuk ebatzi beharko dituzte irteera iristeko.

Beldurrak pixkanaka jolasari tarte egingo dio eta, izango ote dute Herensugearen bederatzi ateak igarotzeko nahikoa adimen?

Zein da frogetan gehien gustatu zaizuna?

igandea, maiatza 01, 2016

Amaren eskuak

Maiatzaren lehena Langileen eguna da, baina aurten, baita amaren eguna ere… Horregatik hautatu dugu Karmele Jaioren istorio hau.
zinemara egindako egokitzapena

Nereak txikitako argazki bat du eskutan, amaren oroitzapenak pizteko itxaropenez ospitalera ekarritako argazki bat. Baina ama lo dago. Haren eskuei begira geldituko da, eta gauzak nola diren… Haren eskuek, izaretan idatzirik dagoen ospitale hitza erdizka estaltzen dutenez, tale baino ez daiteke irakur… Tale ipuina da ingelesez, eta aitak txikitan irakurtzen zion Alice gogoratzen dio, ama ere ipuin batean bizi dela pentsatzen duen bitartean. Oroitzapenetan murgilduta, amaren eskuak josten ere gogoratzen ditu, eta baita idazten ere… eta bera laztantzen… Eta errudun sentitzen da, ama oroimena galtzen hasia zela ohartu ez delako.

Nerea kazetaria da, eta batzutan, kontatu behar duenaren beldur badela aitortu behar… Ogibide horrek egonezina sortzen dio sarri, deserosotasuna. Ospitalean, halako batean hasi da ama tarteka zerbait esaten, baina zeri buruz ari ote da? Amaren iragana ezagutzen hasiko den einean ezagutuko ditu Nereak bere portaeren arrazoiak.