asteartea, maiatza 31, 2016

Botila baten historia


Edari goxo batez betea hasieran, amaitutakoan, botila ikasgelako txoko batean utzi zuten, askotan balio ez duena zakarretara botatzea kostatzen zaigulako edo… Handik egun batzutara, botilarekin gogoratu, eta harentzako zeregin bat bururatu zitzaien: mezu bat idatzi, eta ibaian behera botako zuten, inork inoiz jasoko zuen itxaropenez.

Botilak ibilbide luzea egingo du, oso luzea, eta bidean egingo dituen lagunei esker, istorio eta paraje ezezagun ugariren berri izango du. Iritsiko al da inoiz portura?

Ba al dakizu 2007an surflari batek "Zarauzko pirata egur zangoentzat" zioen botila topatu zuela hondartza parean? Barruan, Sarrionandiaren poema eta hitz goxoak… Horra Pirritx, Porrotx eta Marimototsen musikaz lagundurik, adibide gisa, Hodeiak.

astelehena, maiatza 30, 2016

Zomorroen kluba

Istorioaren lehen orriak irakurgai hemen
Zer koloretakoak dira hitza lapurtzen dizuten mutilaren begiak?

Gorkarenak katarro baten mukiak bezain berdeak direla erantzungo dizu Teresak.

Gauzak ez direla hasieran ikusten ditugun bezala, gauzei begiratzeko modu desberdin asko daudela, eta pertsonak beti ez direla kanpotik ikusten ditugun bezalakoak… Hori guztia ikasiko du Labezomorrok. Inurrierdik hasieratik du garbi, baita Armiarmak ere, baina Teresari ikaragarri kostako zaio hori ulertzea. Institutuan hasi berritan, Bulling kontuak ere badira tarteko…
baina txiki izateak baditu bere abantailak, zer arraio!

Laida Martinezek lana euskaraz idatzi ostean gaztelerara itzuli zuen, eta itzulpenak Malagako V. Gazte Literatur saria irabazi zuen. Idazle bilbotar gazte honek hainbat sari eskuratu ditu hala, euskarazko lanak gaztelerara itzuli eta sariketa garrantzitsutan aurkeztuz.

ostirala, maiatza 27, 2016

Zortzi ipuin gotiko

Muinoko etxean hilotz batek Faustoren kontzientziaren lekua hartuko du… Tik-tak, tik-tak, tik-tak… Trenbide baten ondoan ia eroria den etxeko erloju dotorea bihotzen taupaden erritmoan… Halloween batez, amorante biren gau hotza, betirakoa… Sorgin etxean, gau elurtuan, bele beltz bi, arima galduen bila. Deabruaren ibarra, bi begi handiren argitan. Ilargi betea, eta eroetxe batetik askatasunaren pasealekurako ibilbide luze eta neketsua… Zomorroak, zomorro asko… eta ametsetatik esnatzean zomorro gehiago… Eta piano baten doinuan, maitasun istorio bitxi bat…

Zortzi ipuin gotiko, eta irakurtzen duzuna irudikatuz gero, hotzikara ziurrak… 
Zein da gehien asaldatu zaituen istorioa?

osteguna, maiatza 26, 2016

Iratiko sorgin basatia


Ikasle talde bat egun batzutarako iritsi da Iratiko basora. Iñaki eta Xanti bikiek, gainera, anaia gazteagoa haiekin joateko baimena eskuratu dute. Anaia ahulagoa da itxuraz, eta pixkanaka bere bidea egiten ikasi nahi duen aitzakiaz joan da bera ere bidaian. 

Taldeak antolatu dituzte eta, lehen egunean, oso gauza arraroak ikusi dituzte mendian: arraroak eta baita beldurgarriak ere. Animalia baten hilotza lehenik, emakume batena biharamunean. Jakinminez, uste baino arazo konplikatuagoen erdian izango dira, eta Iratiko oihanean gertatzen dena argitzeko haien beldur eta izuei aurre egin beharko diete.

Sorginetan sinesten al duzu?
Zein da piztia guztietan beldurgarriena?

asteazkena, maiatza 25, 2016

Azken balada


Istorioaren lehen orriak irakurgai hemen
Noizbehinka, beste lurralde bateko koblakariak heltzen ziren bailara urrun hartara. Kontu, kanta eta berri asko zekartzaten kanpotik… Eta etxe, baserri edo dorretxeetan ostatu hartu, eta urrutiko beste mundu bateko istorioak kontatzen zituzten, mokadu eta txanpon txiki batzuen truke. Mayiri izugarri gustatzen zitazion erdi-mezulari edi-trobalari haiek ekartzen zituzten haize berrien arabera dantzatzea; inguruko berriez gain, makina bat kontakizun, esamesa edo erromantze ekartzen zuten, eta desioz bete ohi zioten bihotza; ipuinez eta ametsez burua.

Mariasun Landak ahozko literaturarekiko bere miresmena erakutsi nahi izan digu argitaratu berri duen lan honetan. Izan ere, Oreina bilakatu neska, Nafarroa Beherean topatu zen azken balada da istorio honen ardatza, nahiz eta ahozko literatura prosa bilakatzeko hiru istorio gurutzatu dituen: Oreina bilakatu neska, batetik, eta haren bertsio modernoago bat, ez hain mitiko eta tragikoa, bestetik. 

1977an Haizea taldeak musikatu zuen, eta beranduago, 1985ean, baita Amaia Zubiriak ere; Ura ixuririk da kanta haren izena. Benito Lertxundik istorio bera oinarri hartuta idatzi zuen Mayi kanta. Ahozko literatura, beraz, emankorra ez denik ezin esan.Benito Lertxundiren Mayi bideoan.


asteartea, maiatza 24, 2016

Kandinskyren tradizioa


Aintzinako Errusian ohitura omen zen UrteZahar eta Urteberri arteko gauean neska gazteak kalera atera irten eta, topatzen zuten lehen gizonari bere izena galdetzea; uste omen zuten izen bera izango zuela bere senar izango zenak. Kandinskyren biografia batean topatu zuen Mirenek bitxikeria hori, eta margolari hori biziki maite zuenez, berak ere gauza bera egitea erabaki zuen.

Eta, auskalo zergatik, Mirenek beti Aitor izeneko norbait nahi zuen bere bizitzan... 
Baina lagunek lasai utz zezaten, Manu bat agertu zen lehenago.. 

Aitor eta Manu, bi izaki erabat desberdin, biak Mirenen egia eta fantasia, biak maitatua izateko grinaren ispilu.

Neskato nerabe batek heldutasunerako bidea nola egiten duen sentimenduen bidez azaltzeko eran maisu… eta bide batez, mutilak sentimenduak azaleratzen hain trebe ez direla aditzera emanez… Saizarbitoria, itzel!