osteguna, maiatza 19, 2016

Abraham


Gurasoek lan berria topatzeaz batera, hiriz aldatu beharra sufrimendua zen berarentzat, ez al ziren konturatzen? Berez, ixila, lotsatia, uzkurra… Ikaragarri kosta zitzaion lagunak egitea, gelakideekin hitz egitea ere bai…  Guztientzako ia ezinikusia zela pentsatzen zuen, baina nahiago horrela… Erlijio klase batean Abraham eta Isaacen pasadizu bati buruz hitz egin zuten arte. Denen harridurarako, hitza hartu zuen, eta harrezkero, Abraham deituko zuten. Baina, iseka baino gehiago, miresmena zuen izen horrek, eta gustatu zitzaion.

Nerabezaroko lotsa eta beldurrak, ezinegonak, kezka eta desirak idatziz jasotzen ditu Abrahamek, eta baita ametsetan ere, edo amesgaiztotan… Baina pixkanaka, uste baino ederragoa izango da heldutasunerako bidea.

asteazkena, maiatza 18, 2016

Mugida liburutegian

Albertok lan bat egiteko Entziklopedian datu batzuk bilatu behar dituela eta, liburutegira lagundu dut. Kontua da ordu erdi bat-edo neramala nire lagunak kopiatu beharrekoa noiz bukatu zain, eta kokoteraino nengoen eskuinera eta ezkerrera begiratzeaz, kokoteraino hango neska pinpirinei eta liburu azalei begiratzeaz, eta hatza sudurrean sartzeaz eta erlojua behin eta berriro begiratzeaz. Horrela bada, han bertan eskuera-eskuera nuen liburu bat hartu nuen, marrazkiak-eta ikusteko.

Eta konturatzerako… lehen esaldia deszifratu ondoren, bigarrena, eta hirugarrena… eta Albertok bizkarra ukitu didanean, joan gintezkeela esanez bezala…

- Hago, Morgan, Flanagan lotsagabe horri zentzagarri eder bat eman behar zioat-eta. Nik, John Carson Tex-ek, beti egingo diat errugabeen alde.
- Zeeer!?
- Ezer ez, ezer ez, utzidak liburua bukatzen.

Baina Ines liburuzainak ez zion amaitzen utzi. Ixteko ordua iritsi zela, eta alde egin behar zuela.
Liburutegiko karnetik izan ez, eta ezin amaiera hurrengo egunera arte ezagutu. Mendeku itzela merezi zuen horrek!

Baina… Jonek bezala, ezusteko ugari dituzu zain zure liburutegian. Nor topatu nahi zenukeen, inoiz pentsatu al duzu? Nik Ines… edo akaso bere betaurrekoak!

astelehena, maiatza 16, 2016

Usoa - Bidaia kilikagarria

Sekula ezkutatzen ez zen eguzkiari begirik kendu gabe, isiltasun aldi berean estu eta magiko hartan, Usoak zera pentsatu zuen, Aurrerantzean, triste nagoenean, beti oroitu nahi izango dut ilunabar amaigabe hau, eta nire barrenean su ttiki baten gisakoa izango da, eta argi apur bat emango dit. 

Usoak sei hilabetez itxaron behar izan zuen bere urtebetetze oparia jasotzeko, baina Eskandinaviara bidaia ahaztezina izango zen, bai gurasoentzat, baita berarentzat ere. Gurasoentzat, bidaide egokitutako bikotea petral xamarra zelako, eta Usoarentzat, Periko ezagutu zuelako… Mutil liluragarria, marrubi bat oparitu ziona, eta musu eztia eskeini ziona, bere troll xarmanta deitzen ausartu zena. Bidaia hura ipuin bat zen, bere printze propioa eta guzti… Manex gogoan halere...

Korapilotsua da ametsa eta errealitatearen arteko lotura… Lunefull! @>->--

igandea, maiatza 15, 2016

Ilusionista

Denbora zen bere buruari lotan egiten zituen ibilaldi haietaz galdetzen ziola. Ez zen ezertaz oroitzen, baina lokartu zen lekuetan ez, baizik eta beste batzuetan agertzen zen. Ordu arte gauza bitxia izan zen, benetan ez beldurtzeko modukoa. Teilatuan esnatzeak, hala ere, hotzikara handia sorrarazi zion. Are larriagoa izan zen handik ordu batzutara, nekeak jota lo hartu eta berriz esnatu zenean: eskuin eskua bero zuen, oso bero, eta argia ateratzen zitzaion globo argiztatu bat baleuka bezala; eskuan ez zeukan ezer, baina eskua guztiz piztuta zegoen.
14 urteko Nashak arnasari eutsi zion, ozta-ozta. Beldurra baino gehiago, gertatzen ari zitzaiona ulertzeko kitzikapena zuen. Inoiz ez bezala, mutiko ahula indartsu sentitzen zen, baina dena zen ulergaitz, eta, halako batean, Doban izeneko izaki batek, argi pixka bat eman zion, Ezlekuan… Bertan Izarrak gizakien ametsak direla eta zeruko ibai zabalean flotatzen dutela azaldu nahi izan zion… Eta gizakiok dagoeneko ez dugula amets egiten, amets egiten desikasi dugula, eta Orbana horregatik zabaltzen dela azkar asko, eguneroko gauza txikietan harrapaturik bizi garelako. Ilunei aurre egiten saiatzen da Erresistentzia, eta Nashak paper garrantzitsua du haiekin batean.
Ez saiatu dena kolpetik ulertzen… 
  Jakintza tantaz tanta osatzen den aintzira baita. 

ostirala, maiatza 13, 2016

Ostegunak

Bost ipuin labur… bost istorio ganberro… 
Tuna-Fish komandoak Gabon gabean kantari zentzu berezia emango dio, EKI eta Enfermeritza ikasleen harremanak erabat aldatu izanaren errudunak zigortzearren; Txema betidanik dago Edurnerekin gustatuta, baina, bigarren istorioan, asmatuko al du Teletiendaren mezu ezkutua ongi ulertzen? MalagueƱa salerosa, kalabaza mermelada potoez beteriko istorioa da, eta Unibertsitateko harakinak istorioan txuletak dira protagonista, azterketetako protagonista.. 
Azken istorioan, OstIko TxaKuRren konTraKo KomaNdoArekin atzerriko txakurren kontrako operazioa burutuko du Unibertsitatean nagikeriatan diharduen boskote ganorabakoak.

Zein da istorio guztietan gehien gustatu zaizuna?
Zeinek lapurtu dizu irribarrea errazen?

asteazkena, maiatza 11, 2016

Voltaire kaleko abenturak - Pozoia kopan

Petit Canardeko crepe gozoak jaten ari direla, gizon batek Annette eta Faboren interesa bereganatu du, kapela xapala, gabardina handia, eta iskanbila batean erosi berri dituen saltxitxei garestiegi iritzi dielako. Halako batean, auto bat etorri zaio gainera, eta istripua doi-doi saihestu du gizonak. Korrika joan zaizkio laguntza eskaintzera, eta hark madarikazio kontuak direla errepikatuz aldegin du.

Annettek argi ikusi du kasua: homizidio ahalegina eta Deloffre jaun misteriotsua ikusita, King Ellerton ikertzaile petoak ikerketa arduratsuari ekingo zion. Telesail bateko protagonista zen King Ellerton, baita kasuz eta abenturaz betetako liburu eta irrati kontakizunetako protagonista, eta duela urtebete Gaillard neba-arreben idolo bihurtua zen. Aita Pariseko Polizia etxean komisario izanik, ikerketen kontu horrek txora-txora eginda dauzka.

Afalorduan, aita neka-neka iritsi da, eta Deloffre izena entzun duenean, egun osoa izen horrekin bueltaka eman duela esan du… Pozoiaz egindako hilketa bikoitz baten susmagarria omen da. Annette eta Fabok ez dute ezer esan, baina lanean jarri behar dutela erabaki dute. Ez dira, ordea, bakarrik egongo.
               
Paris, Voltaire kalea 11. zenb. Oraingoz izenik gabeko kluba.
1. protokoloa: "Sagardo botila pozoituaren kasua".

Haiekin batera kasua argitzen saiatu nahi? Uste baino misterio gehiago argitu beharko dituzu orri hauetan barrena murgiltzen bazara, baina ez zaizu damutuko!