asteazkena, abendua 30, 2015

Fairy Oak II. Iluntasunaren lilura

Fairy Oak, Berdelau harana, lurralde harrigarria da, ederra, edonor gustora bizi daitekeen horietarikoa. Magiadunak Magiagabeekin bizi dira, pozik, eta haurrak maitagarriek zaintzen dituzte, hegan egiten dakiten maitagarri txikiek. Feli da gure narratzailea.

Banilla eta Pervinca, Babu eta Vi, bikiak dira, eta sekula halakorik gertatu ez den arren, haien ahalmenak desberdinak dira, lehena Argiaren Sorgin delako, eta bigarrena berriz, Iluntasunarena. Vi ausartagoa da, edo arriskuei beldur gutxiago die, ezin jakin… Baina amesgaizto bat izaten du sarri, inori kontatu nahi ez diona, eta bahitua izateko zorian ere izan da. Bahitua? 

21eko Ikaragarria erasoan dabil, Etsaia, inoiz baino bortitzago: Iluntasunaren Jaunak horixe nahi du, iluntasunezko mundu bat, eta horretarako Argia deuseztu behar… Horra zergatik dituen begiz jota bikiak, orekaren islada ezhoikoa direlako.
Lasaitasuna amaitu da Fairy Oaken. 

Iluntasunaren lilurak baditu, istorio honetaz gain, bestelako ezustekoak: Ipuinen ordua maite dute neskatoek, Aintzinako Liburua irakurtzen ikaragarri ongi pasatzen dute, eta akaso bertan topatuko dituzu barre eginaraziko dizuten pasarte dibertigarrienak. Marrazkiez gozatzeko berriz, Babu eta Viren magia koadernoak kolore bizitan (Witch gogoraraziko dizute, ziurrenik, idazlea bera baita). Liburu batean, beraz, bi liburu, bi koaderno, eta istorio mordoxka.

Eta amaieran… Susmo bat… Hirugarren libururako gonbidapena, zalantzarik gabe. Banilla ala Pervinca… zein duzu gustokoen? 

asteartea, abendua 29, 2015

Anne Franken egunkaria

lehen orrialdeak hemen irakurgai
Zail da hamahiru-hamalau urteko neskato batek idatzia dela sinestea… Baina berak Kittyri behin baino gehiagotan idatzia zion egunen batean kazetari ospetsu edota idazle izan nahi zuela, eta are gehiago, ez zuela etxekoandre bakarrik izan nahi, etorkizunean izena eta izana nahi zituela… 

Neskato izatetik, emakume izatera; berak ere udaberria maiteago du negua baino… eta ernetze hori, bere beste-ni hori deskubritzeak bizipoza eta segurtasuna emango dizkio, baina baita galdera mordo baten erantzunen bila jardun beharra ere.
Bizirauteko aukera duenak, ba ote du kexatzeko eskubiderik? Beldurra, konfidantza, bizitza uneoro jokoan… eta ortzemuga askatasunaren deiadar.

Garai baten lekukotza bortitza, edonongo eta edonolako pentsamoldeak izatea pertsona izatea, izatea bera baino garrantzitsuago ezin duela izan isiltasun gorrotagarrian ohiukatzea…  Horixe da Anne Franken egunkaria.

Eta isiltasun horretan, hitzek ihes egin behar dutelako, sentitzen dena adierazteko beharra ukaezina delako, liburuetan jasotako hitzek, jakintzak, ideiek… eta baita idatzietan pentsamentu eta sentimenduak biltzen dituzten hitzek ere, berebiziko garrantzia izango dute. Hitza benetan ahaltsua delako.

Anne Frankek, eta Jarak adibidez, zer dute antzeko, zer desberdin? 
Zergatik bilakatu ote da Anne Franken egunkaria klasiko? 
Zer du Gazte Literaturatik, eta zer Literatura Unibertsaletik?

astelehena, abendua 28, 2015

Dumitru

lehen orrialdeak hemen irakurgai
Izena arrotz egingo zaizu akaso… baina Dumitruk euskaraz egiten du, euskalduna da hitzez eta bizitzez, aitak sorterria utzi eta Euskal Herria hautatu zuenez bizitza berria egiteko. Itxuraz herri lasaia bada ere, gizarte honek oraindik baditu aurreiritzi ugari, eta Dumitruri zail izango zaio haiei ihes egitea.

Errumaniarra izatea ez da lapur izatearen sinonimo, baina zoritxarrez, Dumitruri hori hala dela frogatzea egokituko zaio… Minez, baita amorruz, aitak Fiul meu este basc, dar dacă bascii o să-l trateze rău, prefer sa fie român! garrasi egingo du ertzaintzarenean. Musikak bihotzak hunkitzen dituelako akaso, edota krisiak guztiok pixka bat berdindu gaituelako, Dumitruk desherriaren gazi-gozoak ezagutuko ditu… arrain txikiak ur handitan ibiltzen ikasi behar duen gisan.
Topikoez ari garela esango al zenuke?  

igandea, abendua 27, 2015

Berrian, gaur...

Horixe nahi genuke guk ere… Liburuak izan ditzazuela opari, eta liburuak opari ditzazuela... Liburuak elkar-trukatzean bizipenak, emozioak, pentsamenduak eta geure-geure diren zatitxoak ere oparitzen ditugulako.
Liburu bat oparitzen dugunean, beste pertsona horrengan pixka bat pentsatzen dugulako nahitaez: bere gustuak zein diren, halakorik ezagutuko ote duen, ezustean harrapatu, eta orrialdeetan barrena galduko ote den… Eta liburu bat uzten dugunean, berriz, guk bizitakoak ere orrien artean badoazelako, hitzekin batean mataza bilakaturik; liburu batek gordetzen duen istorioa, gure historiaren parte bilakatzen da oharkabean, eta horixe partekatzeak, are gehiago, partekatu nahi izateak, badu bere xarma.

larunbata, abendua 26, 2015

Inork ikusi ezin duena

Greyson New Yorkera bizitzera joan berri da, ospitaletik gertuago egoteko; begietako ebakuntza egin diote, itsua baitzen, eta orain maiztasunez joan behar du, pixkanaka bista berreskuratzeko prozesua nola ematen den zaintzeko.

Medikuari zerbait kontatu behar diola uste du Greysonek: noizean behin, bere baitatik atera, eta denboran hutsuneak sortuz, ikusmenak ikusten ez duena baina aurrikus dezakeena eskeintzen dio. Hilketa baten berri izan du, eta poliziarengana jotzen du, bere froga bakarra ikuspen psikikoak badira ere. Hilketa bat… edo gehiago… Uste baino korapilatsuagoa izango da istorioa, eta nahi baino arrisku latzagoak ezagutuko ditu.

Irakurtzen duzun artean ezin susmatuko duzu zein den istorioaren mataza askatzeko haria, eta amaierak benetan harrituko zaitu. Ausartuko al zara istorioarentzako beste amaiera bat asmatzen?

osteguna, abendua 24, 2015

Eguberria

Eguberri eguna kristauen jai izateaz gain, gure kulturara zabaldu den festa ere bada, tradizioekin nahastuz, tradizio bilakatuta… Eguberriak norberaren bizipenekin osatzen ditugu, famili giroan, aspaldiko ohiturei erreparatuz, natura, kontakizunak eta pasadizuak uztartuz… Hori guztia ere badira gure Eguberria, eta halaxe jaso dute, ezin era poetikoagoan, Juan Kruz Igerabide idazleak eta Elena Odriozola ilustratzaileak.

Belaunaldi desberdinak elkartzen gaituen festa giro honek, ahozkotasuna du ardatz, kantak, ohiturak, istorioen eta historiaren kontakizuna. Horrexegatik hautatu dugu istoriolari guztioi bihotzez opatzeko