asteazkena, abendua 30, 2015

Fairy Oak II. Iluntasunaren lilura

Fairy Oak, Berdelau harana, lurralde harrigarria da, ederra, edonor gustora bizi daitekeen horietarikoa. Magiadunak Magiagabeekin bizi dira, pozik, eta haurrak maitagarriek zaintzen dituzte, hegan egiten dakiten maitagarri txikiek. Feli da gure narratzailea.

Banilla eta Pervinca, Babu eta Vi, bikiak dira, eta sekula halakorik gertatu ez den arren, haien ahalmenak desberdinak dira, lehena Argiaren Sorgin delako, eta bigarrena berriz, Iluntasunarena. Vi ausartagoa da, edo arriskuei beldur gutxiago die, ezin jakin… Baina amesgaizto bat izaten du sarri, inori kontatu nahi ez diona, eta bahitua izateko zorian ere izan da. Bahitua? 

21eko Ikaragarria erasoan dabil, Etsaia, inoiz baino bortitzago: Iluntasunaren Jaunak horixe nahi du, iluntasunezko mundu bat, eta horretarako Argia deuseztu behar… Horra zergatik dituen begiz jota bikiak, orekaren islada ezhoikoa direlako.
Lasaitasuna amaitu da Fairy Oaken. 

Iluntasunaren lilurak baditu, istorio honetaz gain, bestelako ezustekoak: Ipuinen ordua maite dute neskatoek, Aintzinako Liburua irakurtzen ikaragarri ongi pasatzen dute, eta akaso bertan topatuko dituzu barre eginaraziko dizuten pasarte dibertigarrienak. Marrazkiez gozatzeko berriz, Babu eta Viren magia koadernoak kolore bizitan (Witch gogoraraziko dizute, ziurrenik, idazlea bera baita). Liburu batean, beraz, bi liburu, bi koaderno, eta istorio mordoxka.

Eta amaieran… Susmo bat… Hirugarren libururako gonbidapena, zalantzarik gabe. Banilla ala Pervinca… zein duzu gustokoen? 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina