astelehena, otsaila 27, 2017

Maren



Maren Luke Lewisen jarraitzaile sutsua da, Pijama festen neska kuadrila guztia bezalaxe. Amak, bere urtebetetze erdian ezusteko itzela eman dio, eta laster hirian emango duen kontzerturako sarrerak lortu dizkie. Ezin sinetsi! Agortuta zeuden eta!

Hori gutxi bailitzan, irratian lehiaketa baten berri izan dute. Saria: Luke Lewis ezagutzeko aukera. Une horretatik aurrera, ideiak martxan! Lehiaketa hori irabazi beharra dago, bai horixe!

Errax irakurriko duzu istorioa, eta gauzak sortzeko grina ere piztuko dizu ziur... Lagunik onenak ondoan dituzunean, ametsen bila abiatzea dibertigarria da oso!

igandea, otsaila 19, 2017

Ramuntxo detektibea

Obaba ezaguna baino lehenago asmatu zigun Bernardo Atxagak Bela Kabela, Nikolasa eta Patxi Nubolariren lurra. Bela Kabelak ez ditu bostehun biztanle, nahiz eta bertakoak hori entzutean haserretzen diren, haien landa animaliek ere belakabelatar izateko eskubiderik badutelako, zer arraio! Ringo Gorringo ere kontaketa horretatik kanpo gelditzen da, baina Txarles, aldiz, ez da haserretzen, aireplano baten aberria zeru zabala baita, eta gutxi axola beraz Bela Karabela...

Horixe da Nikolasaren herria, eta herri xelebre batek, biztanle xelebreak behar ditu nahitaez... Euria goian-behen egunetan ari duelako postariak dira biztanleetan zoriontsuenak, eta tarteka, que llueva que llueva ere kantatzen dute, luzaroan jarrai dezan. Ongi irakurri duzu, bai! Que llueva, que llueva, la virgen de la cueva...

Bernardo Atxaga idazle serioa da, baina gazteentzako istorio mordoxka idatzi du, eta Nikolasa eta Ramuntxo Detektibearen abenturek beren lekutxoa hartu zuten aspaldi Euskal Gazte Literaturaren mundu oparoan, Eguillorren marrazki freskoek lagunduta. Ramuntxo ezagutu ostean, Constantinopla berriak eraikitzeko gogoa ere sortuko zaizu agian. Eta baita, akaso, Nikolasaren abenturak eta kalenturak liburua eskuratzeko gogo irresistibilea ere! Batek daki!

osteguna, urtarrila 12, 2017

Atxiki sekretua - Sorginaren eskuliburua -

Nire neba Mikelek esaten zuen ez zegoela sorginik, baina amonak baloia zulaturik itzultzen zienean, "Sorgina!" deitzen zion, eta zantarra, eta mamala, eta zalamandrana, eta baita gauza itsusiagoak ere.
(...) Gure aitak ere esaten zuen ez zegoela sorginik. Baina, batzuetan, ipuinak kontatzen zizkigunean, sorginak gora eta sorginak behera ibiltzen zen. Gainera, behin batez, amari honela esaten ziola entzun nion:
- Goiko sorgin horrek susto galanta eman dit, lehen eskaileretan. Ni saltoka nindoan, eskailerak binaka igoz, eta halako batean argia itzali da, eta nik zerbait biguna ukitu dut, eta kirats ikaragarria usaindu dut, eta bihotza eztarriraino igo zait, eta, norbaitek argia piztu duenean, goiko sorgin horren begi gorriak niri begira topatu ditut, eta garrasi egitekotan egon naiz, eta... 
Hori, edo antzeko zerbait esan zion aitak amari, baina batez ere sorgina deitu zion Grazianari, sorgina, Mikelek deitzen zion bezalaxe.

Joanak hitz hauek guztiak buruan zituela, egun batez galdera luzatzeko ausardia nahikoa izan zuen:
- Graziana, zuk sinisten al duzu sorginetan?
- Esaten dituzten guztiak badira, baina atxiki sekretua: ez esan badirela...

Patxi Zubizarretak, liburuaren Azken Hitzan idatzitako lerro batzuekin amaituko dugu harribitxi honi buruzko gogoeta laburra, berak baino hobe inork laburbilduko duelako liburuaren mezua:

Kontraesana ematen badu ere, badirudi argiak itzali egin zuela mundu hura, eta, beharbada, horixe izan da lan honen asmoa: iluntasun hartan argi apur bat egitea. Milan Kundera idazleari noizbait irakurri nion zenbat eta azkarrago bizi, hainbat eta gehiago ahanzten dugula, eta horixe dela gure gizartearen ezaugarri nagusienetako bat: ahanztura edo, Juan Goytisolok "memoricidio" esaten diona, iraganaz eta memorias beste egitea. Eta sorginak lagun, liburu honen bidez, oroimen hori preziatzea eta berritzea ere nahi izan dugu.

Elena Odriozolaren marrazki poetikoez lagundurik, Zubizarretak hango eta hemengo istorio, ipuin, kanta eta bitxikeriak batu ditu, ipuin horiek aleka irakurtzeko aukera eskainiz... baina baita sorgin istorio horiek guztiek osatzen duten sorgin historia zoragarria josi ere.

astelehena, urtarrila 02, 2017

Ismaelen historia, edo itsasoa nola zeharkatu nuen


Haientzat, gazon-emakume ilun, isil eta arrotzen ilara luze bat besterik ez ginen. Ez dut uste ezer zutenik gure kontra. Inork ez zigun ezer esan, are gutxiago ezer iraingarririk, inor ez zen pozik agertu handik kanpora gindoazelako. Ikusezinak ginen, aspaldiko urteetan itsasoak lehorrera botatzen zuen zerbait, uda aldean batez ere, eta gero udazkenean berriro hartzen zuena.
Edozertara ohitzen gara.

Ismael itsasoaren eta harearen seme da, ama desertukoa baitu, aita berriz, kostaldekoa... Hamabost urte bete berritan, bere ikasketek doi-doi eman diote irakurtzeko gaitasuna, idaztekoa apenas, baina itsasoan dexente ongi moldatzen da, itsasoak uzten dionean.
Baina itsasoa gaixotzen hasita dago, tximinien erruz gris bihurtu da, eta arrainen bila joan beharrean, arrainak etortzen zaizkie urertzera... Hilik, ordea.

Bizitza aukera hobeen bila hondartzara gerturatu eta itsasoko Marrazoen esku jartzen diren ehundaka, milaka gazteren historia da Ismaelena, ezer ulertzea kosta zaion afrikar batena, Bihotza uzkurtuko dizu, baina ximeldu baino lehen, urte berri honetan denontzako bizi-aukera duinen aldarria egiteko gogoa pizten badizu, Ismaelek itsasoari ihes zergatik egin zion ulertuko duzu.