igandea, azaroa 29, 2015

Veneziako misterioa

Aita idazlea da, eta famili giroan oporrak pasatzeko bidaia gidak idaztea da eskuartean duen azken enkargua. Zotz egin, eta amak aukeratuko du nora joan: Veneziara.

Davidek amets arraroak izaten ditu, eta hain amets desatseginak zergatik izaten dituen jakitea gustatuko litzaioke… Begi batzuk zelatatzen dutela amets egin du, eta inguruko edozein begiradak aztoratzen du, ezinbestean. Bere irudimenak ere badu eraginik, noski, eta konturatzerako, arte munduarekin zerikusirik duen iskanbila batean topatuko du bere burua.

Misterioak askoz ere misteriotsuago dira ezezagun zaigun hiri batean, ihauteritan, eta arte munduari lotuak badira. Veneziak hori guztia eskeintzen digu… Hiri ederra ezagutzeko istorio zirraragarria. Arte ikertzaileentzat leku aparta!

Daviden tokian bazeunde, nola jokatuko zenukeen?

larunbata, azaroa 28, 2015

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa


Brunok bederatzi urte ditu, eta aitaren lana dela eta, etxez aldatu beharrean dira, ia bapatean; ez du bere lagun onenak agurtzeko aukerarik izango, eta hori ez du batere gustuko.

Etxe berria arraro egiten zaio: polita dirudien arren, inguruan hesi ugari ditu… Maiz ikusten dira hesi horien tankerakoak, maiztasun handiagiz, baina zuk parean halakorik inoiz ez topatzea espero dugu, bihotzez.

Mutiko baten ikuspegia baliatzen duen kontalari honek, Bigarren Mundu Gerra hartu du hizpide, eta egia esan, oso hunkigarria bada ere, ez da ez haurrentzako istorio bat, ez eta gazteentzakoa ere… Helduek ulertuko dute zergatik, ziur. Istorioen eta Historiaren arteko mugak hain zail dira batzutan zehazten… 

Gizajo baten egunkaria III. Hauxe besterik ez nuen behar!

Gregen egunkariek arrakasta izan dute… Hau hirugarren alea da, aurrekoen oso antzekoa, baina beti ere desberdina. Gure egunak oso antzeko dira, baina beti gertatzen zaigu desberdin egiten dituzten xelebrekeriak, eta horiek dira Gregek biltzen dituenak. Bere inguruan gertatzen direnak, bere estiloan, bere umorez kontatuta.
Liburuak berez ez du argumenturik, ez dago istorio bat ulertu beharrik. Umore likatsua eta marrazki xinple baina xelebreak, denok ditugun anaien arteko liskar txoroak, edota institutuko lagunen arteko tirabirak…
Irakurtzea gehiegi gustatzen ez bazaizu, lagun ona duzu Greg! Erraz, oso erraz irakurriko duzu, eta barre egingo duzu gainera.

Bi pasarte hautatu ditut, barre dexente egin dudalako: 
obrak direla eta, autobusak ezin du bere zerbitzua betiko bidetik egin, eta Gregi bi astetan institutura oinez joatea egokitu zaio; horregatik alferkerian aritzeko desiratzen iristen da etxera. Larunbat batez, telebistaren aurrean jarri, eta urrutiko agintea mahaitxo gainean dagoela ohartuta… altxatzeko gogorik ez duenez, bere indarra, bai, indar mentala! baliatzen saiatu da urrutiko agintea beregana hegaz bereganatzeko, ordu laurden luzez, kontzentratuta… Baina ez du lortu.
Bestea… eskolarako egin duen 4 orritako txinpantzeari buruzko lana… Wikipedian bilatuta ere topatuko ez dituzun datuak eskuratuko dizkizu Gregek… txinpantzea, labur esanda, txinpan bat dela ba al dakizu?
Zein dira zuri gehien gustatu zaizkizun pasadizuak?

Nur eta magia kanpamendua

Uda da, eta Nur, beste gaztetxo asko bezala, kanpamentu batera joango da astebete pasa… Batzuk ingles kanpamentutara joaten dira, beste batzuk futbol kanpamentutara… aurten Nurek magia kanpamentua aukeratu du. 
Baserri batean, Oliver eta Txagu Maguk zortzi magia ikasle hartu dituzte astebetez: trikimailuak egiten irakatsiko diete, eta magiaz gozatzeko egunak izango dira… 
Baina, honezkero ezagutzen duzue Nur… Saltsera xamarra izateaz gain, jakinmin handiko neskatoa dugu, eta baita irudimen handikoa ere… Baserrian hainbat sekretu gordetzen dituztela iritzita, Detektibeen Txipiroi kluba sortuko du, eta misterioak argitu arte ez du atsedenik hartuko.
Magoek zer ezkutatzen duten jakin nahi?

ostirala, azaroa 27, 2015

Printze txikia

Maitasuna, Adiskidetasuna, Bizitzaren zentzua… Gizakion izakeraz eta jokaerez egiten digu gogoeta Printze Txikiak, gure gizartearen kritika latza, nahiz eta baliatzen dituen adibideak ederrak izan, poetikoak, eta marrazki goxoz lagunduak… Malenkoniaz beteriko lana.

Haur baten begiez begiratuta, gure inguruan gertatzen diren hamaika gauza ulergaitz dira… eta Printze Txikiak benetan garrantzitsu dena ezin ikus dezakegula erakutsi nahi digu, edertasuna barnean dagoela, norberak deskubritu zain… Irudimena beharrezko zaigu zeregin horretan, ezinbestean. 


Haur eta gazte literaturan klasiko bilakatu bada ere, Printze txikia Literatura Unibertsalaren ondare da, gazte eta helduen gozamenerako. 
Antzerkira, marrazki bizidunetara, zinemara zein musika obratara moldatu bada, hunkigarria delako da, zalantzarik gabe.
Haur izanik irakurri baduzu, hemendik urte batzutara berrirakurtzeko gonbidapena luzatuko dizugu… Zure inguruko helduen artean galdetu ea irakurria duten, eta haien inpresioak jasoko al zenizkiguke?

asteazkena, azaroa 25, 2015

Nur eta irlandar gnomoa

Finni erraldoien marrazkiek barregura ematen diote, gnomoak irudikatzeko oso modu xelebrea dutelako. Horregatik hain juxtu, Nurrek oso argi du: lagun berriak ez dira beti etxean aurkezteko modukoak.

Amatxo ezer esan gabe sartu da gelan, eta sekulako ikara eman die biei. Finn geldi-geldi geratu da, estatua bat balitz bezala, eta Nurrek panpinen etxeko panpina guztiak jasotzen ditu, bezperan lurrean utzita baitzeuzkan.
- Panpinei ipuin bat kontatzen ari nintzaien…
Amatxo ondora etortzen da, eta Finn ikusten du; hura arnasa hartzen ere ez da ausartzen ia-ia.
- Hau ikusi gabe neukan orain arte… Irlandar gnomoen moduan dago jantzita…
A zer beldurra!
Hartu eta arreta handiz aztertzen du.
- Bigun-biguna da -esaten du sabela zapalduz.
Finni sekulako barregura sartzen zaio, baina eutsi egin behar dio, eta begiak zabal-zabalik mantentzen ditu.
- Atzo aurkitu nuen -esaten dio Nurrek amari, bestelako azalpenik eman beharrik ez izateko-. Emango?
Sekretuak gordetzea hain da zaila…

Eta zuk, nola irudikatu izan dituzu gnomo eta iratxoak?